Eguzkik eskatzen du Urumea ibaiaren bioaniztasuna eta energia burujabetza uztartzea

Kronika - Erredakzioa 2018ko uzt. 29a, 02:00

URUMEA ibaia Gipuzkoako ibai ekosistema gorena da, Natura 2000 Sarean babestutako tarte zabalak izanik. Bere ubidearen eta ibai basoaren (haltzadi kantauriarra) kon­tserbazio egoera ona da babes horren arrazoia.
Duela gutxi Eguzki jabetu da Nafarkoop kooperatibak (Goiener Taldea) Hernaniko Fagollaga zentral hidroelektrikoa erosi duela. «Tokiko energia banatzaileak adierazi du bere helburua dela energia burujabetasunaren maila haun­­­­ditzeko energia berriztagarria ekoiztea».
Izan ere Eguzkik prentsa oharrean dioenez, «pasa den ekainean gure erakundeak eta AEMS-Ríos con Vida elkarteak -Estatu mailan ibaien kontserbazio eta birgaipenean dabilen gobernuz kanpoko taldea- Kantauriko Kondefedera­zio Hidrografikoari beste zentral baten ustiapenaren kaduzitatea eta bere presaren eraispena eskatu diote, Ereño­tzukoa, Oreretako Uda­laren jabetzakoa hain zuzen. Zen­tral horren ibaitik 4.000 l/s-ko ur emaria kentzeko baimena du, eta Ingurume­narentzat eta ibai ekosis­temarentzat ondorio larriak ditu».

«Energia burujabetzaren helburuekin bat gatoz, ohiko ingurumen inpaktuak ezabatuz»
Goiener Elkarteak egindako erosketak ekologismoan harridura handia sortu du, «Fagollagako zentrala eta bere presaren ingurumen inpaktu ezagunak direla medio. Zen­tral honek Urumea ibaiaren konektibitate ekologikoa eten egiten du, besteen artean izokin atlantiarra edo aingira bezalako espezieen migrazioa oztopatuz».
Eguzkik eskatzen dio Goiener Taldeari Natura 2000 Sarearen barruan dagoen Urumea ibaiaren konektibitate ekologikoa sustatu eta bermatu dezala. «Aldi berean, ura eta bioaniztasun gaietaz eskumena duten Administrazio Publikoei ere luzatu diogu eskaera: gure ondare natural amankomuna babes dezaten. Eguzkik eta orokorrean mugimendu ekologistak Goiene­rrek dituen energia burujabe­tzaren helburuekin bat egiten dute, beti ere horretarako bidea eredu ekonomikoaren aldaketa baldin bada, energia ekoizpenean ematen diren ohiko ingurumen inpaktuak ezabatuz, ingurumen irizpiderik gabe garatzen diren energia berriztagarriak barne».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!