Kontxa Etxeberriaren oroimenezko ekitaldi hunkigarria burutu zen atzo eguerdian, Astigarragako udaletxean, Santio jaien barruan. Bera gogoratzeko irudia agerian utzi zuten, bere familiaren aurrean. Gainera, bere familiako kide batek, Itsaso Urangak, herriko liburuan sinatu zuen. Aurretik Udalbatzaren ohiko soka dantza egin zen, eta egunean zehar, beste hainbat ekitaldi antolatu ziren. Festak gaur jarraituko du Astigarragan, oraindik ere egitarau zabalagoarekin.
Santa Ana, egun haundia
Santa Ana egunean oraindik eta jende gehiago biltzen da Astigarragako kaleetan. Goizean goiz joaldunak kalejiran ibiliko dira eta baserri giroa egongo da goiz osoan Foru Plazan; Langintzen erakusketa, sagardo dastaketa, jende ugari biltzen dituen idi demak eta Agin Laburu, Aitor Mendiluze eta Nerea Elustondo bertsolariak ariko dira.
Arratsaldean euskaldun giroak ez du etenik izango. Santa Anako bazkaria eta gero sokamuturra txikia egongo da ikastolako atarian eta ondoren apar festa. Bitartean, Foru Plazan, herri kirol jaialdia antolatu da. Hortik festa Joseba Barandiaran plazara igaroko da. Bertan, hegaluze eta piperrak parrillan eta Kantu Kolore. Far West dantza eta musika egongo dira. Gauean txosnen gunea izango da musika eta festaren erdigunea.
Gaurko egitaraua
09:30, Zubietako joaldunak eta Estangatarrak trikitilariak, kalejiran.
11:30, Baserriko langintzen erakusketa, Foru Plazan. Etxaluzekoak hesolak egiten, eta Bustietakoak abereak ferratzen
11:30, Sagardo dastaketa, Foru Plazan.
11:30, Idi demak, Foru Plazan. 20 minutu 1.500 kiloko harriarekin, lau idi parek: Pagadizabal, Etxetxo, Izeta eta Oliden.
12:00, Nerea Elustondo, Aitor Mendiluze eta Agin Laburu bertsolariak, Foru Plazan.
14:00, Bazkariak: Santa Anako bazkaria Ipintza sagardotegian (txartelak Ikatzan eta Zipotzan salgai), eta Elkartasun bazkaria txosnan, Andoni Ollokiegi musikariak girotuta.
17:00, Sokamuturra txikia, ikastolako atarian.
17:00, Pasai txaranga.
18:00, Herri kirol jaialdia, Foru Plazan: Errenteria eta Astigarraga herrien arteko desafioa; eta Xabier Orbegozo Arria V aizkolariaren eta Goldea elkarteko kideen arteko norgehiagoka.
18:30, Apar festa, ikastola atarian.
19:30, Hegaluzea eta Gernikako piperrak parrillan erreta, Joseba Barandiaran plazan.
19:30, Kantu kolore: Far West abesti eta koreografiak, haurrak dantzan jartzeko, Joseba Barandiaran plazan.
22:00, Peputz abeslaria, txosnan.
22:30, Su a Feu, Deabru Beltzak taldearen ikuskizuna, dantza, sua eta erritmoa nahasten dituena, Galtzaurreko zubitik hasita.
23:30-00:30, Chimamanda taldearen kontzertua, txosnan.