Aurten Udako Zinemaldia hirugarren edizioa antolatu da Hernanin. Emanaldiak bi jardunalditan banatu dira: uztailaren 26an (osteguna) bata eta 27an (ostiralean) bestea. Aurtengoan ere emanaldiak udaletxeko arkupeetan izango dira, 22:00etan hasita.
Ostegunean, lehen egunean, aipaturiko orduan, Una mujer fantástica (2017) eskainiko da. Txiletarra da. 2018an, ingelesez ez den film onenaren saria irabazi du. Hori da sarietako bat, baina urte osoan zehar hainbat eta hainbat sari desberdin irabazi ditu zinemaldi eta sari desberdinetan.
Abeslari izan nahi duen zerbitzari gaztea da Marina (Daniela Vega), eta bera baino hogei urte zaharragoa da Orlando. Etorkizuna elkarrekin antolatzen ari dira. Festa ondorengo gau batean larrialdietara eraman du Marinak, baina Orlando ospitalera iristean hil eginda. Hilketa susmoari aurre egin behar dio. Transexuala da Marina eta hori aberrazioa Orlandoren familiarentzat. Borrokatu egin beharko du dena izateko, emakume indartsua, sutsua, zoragarria.
Ostiralean, 22:00etan, Alanis (2017) pelikula argentinarra eskainiko da arkupetan. Pelikula honek ere sariak irabazi ditu. 2017an, Donostiako Zinemaldian Zuzendari eta aktore onenaren (Sofia Gala) Saria. Eta 2017an La Habanako Zinemaldian ere sari berdinak irabazi zituen.
Alanis prostituzioan aritzen da. Haurtxo bat du, eta bere lagun Giselarekin partekatzen du bizilekua. Bertan hartzen ditu bere bezeroak ere, baina egun batean bi polizia-inspektorek etxea itxi eta Gisela eramango dute, emakumeen salerosketa egotzita. Alanis gezurrez beterik iritsiko da bere izebaren lokalera, Miserere Plaza parean. Arraza anitzeko auzo bortitz horretatik, Alanisek ahaleginak egingo ditu bere duintasuna berreskuratu, bere lagunari lagundu eta bere semea zaintzeko. Kalean eskainiko du berak egiten dakiena, baina kaleak bere arauak ditu, eta Alanisek bere lekua aurkitzeko borrokatu egin beharko du.