Sasoi onean dabiltza, Ekiñe Balerdi eta Garazi Urdangarin palista hernaniar gazteak. Tilos 7 Pasan txapela jantzi ondoren, Zarautzen aritu dira orain, Frontoi-Txikiko txapelketan. Baita ederki aritu ere! Hirugarren postua lortu zuten.
Guztira, zortzi bikote aritu ziren lehian, eta finalerako sailkatzea lortu ez bazuten ere, hirugarren posturako partidua jokatu zuten, Mirian Arrillaga eta Miren Alkaideren kontra. Partidu gogorra izan zuten azkeneko hori, oso luze jo zuen, eta oso berdindua izan zen. Azkenean, garaipena lortu zuten Balerdik eta Urdangarinek (30-27), eta hirugarren postuarekin batera, trofeoa ekarri zuten.
CD Hernaniko pala sailetik, azpimarratu dute txapelketak izan zuen maila: «oso nabarmena da, federatuetan ari direnen maila ona, nahiz eta frontoi txiki horretan jokatzeak, abilezia haundiak edukitzea eskatzen duen».