«Foru Aldundiak mespretxatu egiten gaitu, Buruntzaldeako herritarrak eta Udalak»

Kronika - Erredakzioa 2018ko uzt. 22a, 02:00

Donostian elkartu ziren ostiralean, Gipuzkoako Foru Aldun­diaren egoitza nagusian, Her­nani, Andoain eta Usurbilgo udal ordezkariak: Luis Intxaus­pe Hernaniko alkatea, Ainara Rodriguez Andoaingo jarduneko alkatea, eta Xabier Arregi Usurbilgo alkatea. Eta bertan, salatu zuten Marisol Gar­men­dia Mugikortasun diputatuak eta bere departamenduak izan duten jarrera, Buruntzaldeako autobusen zerbitzua aldatzeko prozesuan: «prozesu itxia, gardentasun eta partehartzerik gabekoa izan da».
Nabarmendu dute, autobus zerbitzuan aldaketak eta mu­rrizketak egin dituztela, «prozesu osoan herritarren eta udalen iritzia bazterrean utzita. 2017an aurreproiektua idaz­ten hasi zen Aldundia, Udalei eta herritarrei horren berri eman gabe. Orain, zerbitzuaren emakida egin du inori jakinarazi gabe; eta zerbitzuak izango dituen aldaketa eta murrizketen berri ez digu eman oraindik, nahiz eta ahoz zein idatziz eskatu diogun». 

«Sinestezina eta onartezina da, erakusten ari diren errespetu falta»
Arregik azaldu zuen, eskualdeko alkateei gutun bat bidali diela Marisol Garmendiak, esa­nez laster argitaratuko dutela proiektua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, «eta orduan jakingo dugula, zein alegazio kontuan hartu dituzten eta zein ez. Es­ka­tu genion argitaratu aurretik udaloi bidaltzeko; baietz esan zigun, baina gaur arte. Hitza ez dute bete. Oso garbi utzi dute nork agintzen duen. Sinestezina eta onartezina da, prozesu honetan Foru Aldun­dia erakusten ari den errespetu falta; errespetu instituzional falta eta herritarrekiko errespetu falta».
Eta gogorarazi zuen, «esku­aldeko Udalok eta milaka eta milaka herritarrek», alegazioak aurkeztu zituztela, «ezinegon eta kezka giroan». Guz­tira, 5.000 alegazio inguru eta 7.000 sinadura bildu ziren, zerbitzuak ez murriztea eta he­rritarren iritzia kontuan hartzea eskatuz. «Alegazioak egin bai, baina kontuan hartuko zituztenik eta zeren arabera egingo zuten ez digute inoiz esan. Prozesu itxia izan da, erabat opakoa, eta zirrikituren bat ireki badute, jendartearen eta udal batzuen presioagatik izan da».
Rodriguezek, bere aldetik, azaldu zuen aldaketak egiteko erabiliko zituzten irizpideak eska­tu zizkiotela Aldundiari: «irizpide tekniko eta ekonomikoak kontuan hartu zituztela esan ziguten, erabiltzaile ko­pu­rua eta errentagarritasun ekonomikoa. Gure ustez, zerbi­tzu publikoak errentagarritasun ekonomikoaren menpe egotea ez da irizpide egokiena, errentagarritasun sozialak ere pareko garrantzia dauka, eta erakunde publikoek hori ahaz­tea arduragabea da. Zerbitzu batzuek ez dute bidaiari kopuru haundia, baina kenduz gero, gehienetan emakumeak eta adineko pertsonak izaten dira kaltetuenak, ekonomikoki errentagarriak ez direlako».
Eta gaineratu du: «Aldun­diak saltzen duen irudi berriaren zutabe dira herritarren par­tehartzearen aldeko apustua eta gobernantza eredu be­rria. Prozesu hau horren adibide ba­da, jai dugu gipuzkoarrok».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!