Seigarren postuan finkatu da Hernaniko Maialen trainerua, ETE ligan; eta beste posturen bat aurreratzeko ari da lanean. Atzokoan ere, seigarren izan ziren hernaniarrak, Orioko estropadan. Eta aurrekoak joan den asteburuan baino urrutixeago izan bazituzten ere, ez zien alde haundiegirik atera bosgarrenak, Tolosaldeak: 12 segundu azkarrago aritu ziren tolosarrak, atzokoan.
Orain arteko estropada guztietan bezala, atzetik utzi zituzten Lea Artibai, Lapurdi eta Colindres. Bere txandan bigarren izan zen Hernani, eta nahi baino urrutiago izan zuen Kaiku, 36 segundura; hasieratik ireki zuten tartea bizkaitarrek, eta ziabogara iristerako, 21 segundu aurretik ziren.
Pasai San Pedron, gaur
ETE ligako hirugarren estropada zuten atzokoa, eta gaur bertan izango dute laugarrena. Erlojuaren kontrako proban ariko dira, Pasai San Pedron, arratsaldeko 15:30etan hasita; Errenteria Hiria bandera izango dute jokoan. Abiatzen laugarren trainerua izango da Maialen, sailkapeneko ordenaren arabera, atzekoz aurrera.