Aziendarik ez da izanen aurten, Aranoko Santioetan. Herriko gaztetxoei aukeran eman zieten, zer nahiago zuten: zezen txikiak eta zalditxoak, edo zirku tailerra. Eta bigarren aukera, nobedadea izanen dena, aukeratu zuten aranoarrek. Hortaz, gaur zortzi, datorren larunbatean, zirkuko erakustaldietan trebatuko dira gaztetxoak.
Donostiako Xomorro Taldeak eskainiko du tailerra, arratsaldeko 19:00etan hasita, bi orduz. Eta makina bat abilezia erakutsiko dizkiete, tarte horretan.
Bost gune tailerrak, abilezia desberdinak ikasteko
Tailerra bera, bost gunetan banatuko dute; eta bakoitzean, abilezia desberdin bat ikasi eta landuko dute, Xomorro taldeko begiraleen eskutik. Aurreneko gune batean, malabareak eta objektuak erabiltzen eta manipulatzen ikasiko dute. Material desberdinak izanen dira: pilotak, mazak, kariokak eta bolak. Begirale batek erakutsiko die nola maneiatu horiek, baina nahi duenak, bere kaxa erabiltzeko aukera ere izanen du bertan, modu librean.
Bigarren gune batean, tela bat jarriko dute sabaitik zintzilik, eta telara helduta, figura erraz batzuk egiten ikasiko dute, beste begirale batekin.
Trapezioa egonen da, hirugarren gunean. Eta horretan ere, mugimendu eta figura erraz batzuk egiten ikasiko dute, animatzen diren guztiek-
Lurreko akrobaziak izanen dira laugarren gunean. Tatamiaren gainean, akrobaziak eginen dituzte aranoarrek, bai banaka, eta baita taldeka ere.
Eta bosgarren eta azkeneko gunean, oreka landuko dute, material desberdinekin: slack-line edo zinta horizontala, oreka oholak, hankapaloak, hula hopak... Begirale batek erakutsiko du horiek erabiltzen, baina horretan ere, nahi duenak libre erabili ahal izanen du materiala.
Beraz, ikasiko dutenarekin, eta pilatuko duten trebezia eta abileziarekin, datorren urteko Santioetarako, prest izanen dute, zita nagusietako bat: aranoarren zirku erakustaldia!