Azkeneko pala kolpeek, eginen diete bidea, aurten ere, Santio jaietako aurreneko itxaferoei, Aranon. Bihar jokatuko dira Pala Txapelketa Azkarreko finalak, eta asteazkenean, hiru egun beranduago, hasiko dira festak; Santio egunarekin, aurtengoan.
Lau egunen izanen dira, bakoitza bere izenarekin: Santio egunari, Haurren egunak hartuko dio txanda, ostiralean; Herri Gurasoen edo jubilatuen egunak, omenaldi eta guzti, larunbatean; eta Ziztangilon eguna izanen da igandea. «Batzuk ez haur eta ez jubilatu ez garenez, guk ere gure eguna nahi genuen! Eta igandeko feria herriko produktuekin denez, eta afari herrikoia oso herrikoena denez... Ba Ziztangilon eguna!», nabarmendu dute.
Baina akaso, bakoitzak egun bakarra izanen du, Santioetaz gozatzeko? Ez, noski! Denek gozatuko dute, egun guztietan! Horretarako, ziztangilen gisara, egunero azala aldatu beha badute ere!
Pilota, dantzariak eta bertsolariak, Santioak hasteko
Hiru zita nagusi izanen ditu estreinako egunak, txupinazoaren ondoren. Urteroko pilota partidua jokatuko dute aurrena, Arano eta Goizuetaren artekoa: ziztangilak, sapuen kontra. Huizi eta Lizeaga ariko dira aranoarren aldetik, eta Salaberria eta Apezetxea goizuetarren bandoan. Eguerdian izanen da hori, eta arratsaldean, dantzariek eta bertsolariek piztuko dute herria.
Pilotarekin ekingo diote, Haurren egunari ere, baina txikienak ariko dira jokoan. Eta txokolatadaren ondoren, izanen dute aurtengo nobedadea: azienden partez, zirku tailerra eginen dute, Xomorro Taldearen eskutik.
Nobedadea izanen ez dena, larunbateko plana da. Ez baita faltako arkume jaterik, aurten ere! Baina bapo bazkaldu nahi duenak, eros dezala txartela azkar: Aranoko Kontsejun, Goizuetako Amaian, eta Hernaniko Deportivon daude salgai, 30 euroan; haurrenak, 6 euroan.
Eta igandea, Ziztangilon eguna deitu dutena, ez da gutxiagorako izanen! Are gehiago, egun potoloa izanen da, Santio jaietako azkenekoa. Feria jarriko dute frontoian, goizetik, herriko produktuekin; eta tortilla lehiaketa ere izanen da, eguerdi partean. Gero, postuak kendu, eta aizkolarientzako prestatuko dute, arratsaldean. Desafio polita, beste behin: Xabier Orbegozo Arria V eta Joseba Izeta aranoarra, Esnal aita-semeen kontra.
Herri afari «oso herrikoia» eta Tapiaren musika, bukaera ezin hobea.
BIHAR, igandea
11:00, Pala Txapelketako finalak.
UZTAILAK 25, Santio eguna
12:00, Txupinazoa.
12:30, Pilota partidua: Goizueta-Arano. Aranoren aldetik, Huizi eta Lizeaga; eta Goizuetaren aldetik, Salaberria eta Apezetxea.
18:30, Dantzariak.
19:30, Bertsolariak: Julio Soto, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze.
UZTAILAK 27, Haurren eguna
17:30, Haurren pilota partiduak.
18:30, Txokolatada.
19:00, Zirku tailerra.
22:30, Mus txapelketa.
UZTAILAK 28, Herri Gurasoen eguna
14:30, Arkume jatea. Txartelak salgai: Aranoko Kontsejun, Goizuetako Amaia kafetegian, Hernaniko Deportivon, eta Urnietako Kantoi tabernan.
Helduek 30 euro, haurrek 6 euro.
Ondoren, Luziano.
UZTAILAK 29, Ziztangilon eguna
12:00, Feria goizetik.
12:00-13:00, Tortilla lehiaketa.
18:00, Herri kirolak. Aizkolariak: Xabier Orbegozo Arria V eta Joseba Izeta, Esnal aita-semeen kontra.
21:00, Afari herrikoia, Tapiarekin.
Ondoren, Argazki herrikoia.
*Mezak: Uztailaren 25ean eta 28an, goizeko 11:00etan.