«Bi edo hiru urte generamazkien, herri bazkari bat antolatzeko ideiarekin. Eta joan den urteko Santioetan, gaupasa batean, erabaki genuen aurten egingo genuela, bai edo bai. Urtarrilerako jarri genuen zita, antolatzen hasteko; eta noski, hitza emanda, antolatu behar!», azaldu dute Ibon Jaramillok eta Iker Kasadok, Marmitako Egunaren antolatzaileetako bik; Amaia Bazan eta Ione Olaziregirekin batera aritu dira horretan.
Herri bazkariaren ideiarekin hasi ziren, bai; baina egun osoko plana antolatu zuten azkenean: «herri bazkari batean, lau lagunek prestatzen dute, eta beste guztiek jan. Baina zerbait partehartzaileagoa nahi genuen, eta giro politagoa sortuko zuena. Horregatik, Marmitako Eguna okurritu zitzaigun, beste herri batzuetan egiten dena. Guk Getariakoa ezagutzen dugu, baina Mutrikun, Zarautzen edota Bizkaiako herri askotan ere egiten da», diote.
«Aurreneko pikeak ikusi ditugu dagoeneko, katxondeoan»
Serioegia izan gabe, marmitako lehiaketa bat izango da planaren aurreneko zatia. Goizeko 10:30etatik 13:45etara prestatuko dituzte, Foru Plazan bertan, eta 20 koadrilak hartuko dute parte. «Jendeak gogoz hartu du, eta aurreneko pikeak ikusi ditugu dagoeneko, katxondeoan, zeinek marmitako hobea prestatuko». Bakoitzak, 20 lagunentzako moduko marmitakoa prestatu beharko du, eta onenak, saria izango du. Herriko lau sukaldarik osatuko dute epaimahaia.
Antolakuntzak jarriko ditu sua, lapiko haundia, gas bonbona, mahaia eta oinarrizko osagaiak: hegaluzea, patata, piper berdea, tipula, olioa eta gatza. Gainerako tresnak eta osagaiak, partehartzaileen kontura. Baina hori bai, etxetik ezingo dute ezer sukaldatuta eraman, dena gordinik.
300 lagunentzako adina marmitako
Marmitako horrekin guztiarekin, herri bazkaria egingo dute gero. Txartelak ostegunean jarri zituzten salgai, eta 300 lagunentzako adina marmitako behintzat, izango dela diote antolatzaileek. «Jendeari asko gustatu zaio ideia. Hasieran tanteatu egin genuen, eta jendeak ilusioz hartu du. Jende berria ere animatu da, herrira orain gutxi etorritakoa, edota beste ekintza batzuetan parte hartzen ez duena. Polita da hori», diote.
Garai batean egiten zen txekor jatea zeukaten, erreferentzia bezala: «jende gehien biltzen zen urtean, 200 lagun inguru izango ginen. Marmitako Egunak, ez genekien nolako erantzuna izan zezakeen, baina badirudi pozik hartu dutela», nabarmendu dute.
Eguerdiko 14:30etan hasiko da herri bazkaria: marmitakoa, postrea, kafea, ogia eta edaria, antolakuntzaren kontura; eta entranteak, norberak eramanda.
Eta berez luzatuko bada bazkalostea, are gehiago luzatuko da, eguneko planaren hirugarren zatiarekin: erromeria izango da, Iratzar taldearen eskutik.
«Asmoa da, aurrera begira ere Marmitako Eguna egiten jarraitzea»
Aurten egingo dute Marmitako Eguna aurrenekoz, Astigarragan; eta horixe nahi dute izatea, askoren aurrenekoa: «asmoa da, aurrera begira ere egiten jarraitzea. Aurten nobatada izango da, eta formatu honekin egingo dugu. Ikusiko dugu nola ateratzen den, eta joango gara egokitzen, denborarekin. Baina aurrenekoa da zailena, gero hobetzen joango gara. Erantzun ona baldin badauka, errazagoa da jarraitzea; eta noski, norbait laguntzeko prest badago, irekia da!», nabarmendu dute.