Datorren asteartean hasiko dira Santio jaiak, Astigarragan, txupinazo bikoitzarekin: txikiena eguerdiko 12:00etan; eta nagusia 19:00etan, Euskaraldian parte hartuko duen Astigarragako Hamaikakoak botako duena. Hortik, uztailaren 28ra luzatuko dira festak.
Baina hori baino lehen, berotzeko zenbait ekintza izango dira asteburu honetan. Ostiralean izango da aurrenekoa, igel jokoa, Xaguxarrek eta Galtzaur elkarteak antolatuta. Goizeko 10:00etan izango da, Norberto Almandoz plazan, eta haur eta heldu banak osatutako bikoteak ariko dira jokoan.
Larunbatean, berriz, bi zita. Goizeko 10:00etan hasita, 3x3 saskibaloi txapelketa antolatu du Mundarrok, kiroldegian. Ostiralera arte apuntatu daiteke: astigarraga3x3@gmail.com. 18 urtetik gorakoek, 25 euro taldeko; gainerakoek, doan.
Eta arratsaldean, Astigarragako Herri Krosaren 16garren edizioa izango da, 17:30etan hasita. 7,3 kilometro izango ditu, eta 16 urtetik gorakoek hartu dezakete parte. Izena emateko, www.herrikrosa.eus web orrian, 6,5 euroan; egunean bertan ere izango da aukera, Apeztegi plazan, 9 euroan.
Eta igandean, azkenik, maila haundiko esku pelota jaialdia izango da, herriko pelotariekin eta profesional ohiekin: Olaizola I-Gurutzealde, Exposito-Otxandorenaren kontra; eta Olazabal-Santxez, Barandiaran-Pascualen kontra. 10:30etan hasita Txomiñenen, doan.
Izenemate gehiago, zabalik: bazkariak, Santio Igoera...
Santiotako ekintza gehiagotan ere, zabalik daude izenemateak. 28ko marmitako bazkarirako, bihar salduko dituzte txartelak, 19:00etatik 21:00etara, Joseba Barandiaran plazan. 24ko haur bazkarirako, berriz, udaleku irekietan eta kiroldegian daude salgai, etzi arte.
Izenematea zabalik dago, 28ko Santio Igoerarako ere, haur zein helduentzat, kiroldegian eta Gerizpe okindegian. Eta Gazte Asanbladaren Hiltzailearen jolaserako, Zipotzan.