Joan den urteko datuak bildu, aztertu eta sailkatu ondoren, txosten mardula argitaratu du Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak, 2017 urteko estrakzioek eman zutenaren inguruan. Horrela, herriz herri, adinaren eta sexuaren arabera multzokatu ditu odol emaileak, eta batzuetan eta besteetan dauden emaile beharrak azaleratu ditu.
«Kalkulatzen da, mundu mailan, beharko litzatekeela populazioaren %3a odol emaile izatea», azaldu dute Jose Mari Elordi eta Joxe Ramon Beroiz Hernaniko Odol Emaileen Elkarteko kideek. «Hernanin, hori lortzeko, 601 odol emaile beharko genituzke», diote.
Kopuru horretatik urruti xamar daude, 2017ko datuak: 313 odol emaile izan ziren, eta beraz, 288 faltako lirateke, minimo horretara iristeko. Baina ez da kezkagarria, biek adierazi dutenez: «izan ere, emaile finak dauzkagu, askotan ematen dutenak, eta joan den urtean, 762 odol emate izan ziren. Hernaniko anbulatorioan 632, baina horri gehitu behar zaizkio Oronan eman zutenak (43), eta zuzenean Donostiara joan ziren hernaniarrenak (87). Gainera, hor ez daude sartuta Ereñotzuko odol emateak; 2017an 36 estrakzio izan ziren».
Sexuaren arabera pareko; helduagoetan emaile gehiago
Datuak multzoka aztertuz gero, parekotasuna da nagusi, sexuaren araberako sailkapenean. Gizonezkoetan 158 izan ziren iazko emaileak, eta emakumezkoetan 155.
Aldeak nabarmenagoak dira, adinaren arabera sailkatuz gero. Orokorrean, adinean gora egin bezala, haunditu egiten da odol emaile kopurua. 18-32 urte bitartekoetan, 77 dira odol emaileak; 33-47 urtekoetan, berriz, 79 emaile; eta 48-62 urtekoen artean dator saltoa, 157 baitira odol emaileak. Hori nabarmenagoa da gizonezkoetan; izan ere, 53 eta 62 urte artekoak dira odol emaile gehienak, alde haundiarekin. Emakumezkoetan, aldiz, azpimarratzekoa da, 18-32 urte bitarteko emaileen kopurua (51).
«Deialdi bereziak egitea, kalterako izan daiteke»
Gipuzkoan, badira herriak, Hernani bezala, emaile defizita daukatenak, eta beste batzuk superhabita dutenak. Baina maila globalean, odolez «oso juxtu» dabiltza, Elordik eta Beroizek diotenez: «lehen 30.000 donazio izaten ziren urtean, eta orain 20.000ra ez da iristen».
Zentzu horretan, nabarmendu dute «kalterako» izan daitezkeela, istripu larriren bat edo horrelakoak gertatzen direnean egiten diren deialdi bereziak: «jende pila bat etortzen da, baina hori ere ez da ona. Izan ere, egun horietarako odola soberan izango dugu, baina 14 egunez bakarrik kontserbatu daiteke, eta hurrengo deialdian, faltan izango dugu, jendeak ezin duelako bi hilabetetan segidan eman odola».
Hurrengo zita, gaur zortzi
Elordik eta Beroizek, eskerrak eman nahi izan dizkiete Hernaniko odol emaileei, «bene-benetan», egiten duten «ekarpen desinteresatuagatik; poza ematen du. Eta horrela jarraitzera animatu nahi ditugu, oso ondo ari gara eta».
Datorren astelehenean izango dute hurrengo zita, Hernaniko anbulatorioan, ordutegi zabalagoarekin; 18:00etan hasi, eta 20:30ak arte. Eta emaile ez direnei ere luzatu diete deia: «odola emateak ez du inongo kalterik egiten. Onura ekar diezaioke emaileari, odola berritzen laguntzen duelako, eta hori oso ona da».