Txirrindularitzako Frantziako Tourra lehiatzen ari den egun hauetan, bere Tour propioa antolatu du Sarek, bihar hasi eta astelehenera bitarte. Presoen aldeko bizikleta martxa egingo dute, eta lau etapatan, lotuko dituzte Mont de Marsaneko espetxea, eta Zaballakoa. Ekimen honen bitartez, aldarrikatu nahi dute «une honetan euskal presoei egozten zaien salbuespen egoerarekin amaitu beharra dagoela, urrunketa politikak zuzen-zuzenean senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua nabarmenduz», azaldu dute.
Egunean etapa bana egingo dute. Bihar, 10:00etan Mont de Marsanetik abiatuta, 80 kilometro egingo dituzte, 17:30ak aldera Baionan bukatzeko. Bertatik abiatuko dira etzi, goizeko 09:30etan, eta Donostian bukatu, 17:30etan. Igandeko etapak Donostia eta Altsasu lotuko ditu, 09:00etatik 19:00etara, 85 kilometro eginez. Eta azkenik, astelehenean, Altsasutik Zaballara joango dira, goizeko 09:00etan abiatu eta 16:30etan bukatuta, Zaballan amaierako ekitaldia egiteko; 88 kilometro izango ditu, azkenekoak. «Espetxe politikaren aldaketaren ikur bihurtu nahi dugu Zaballa», nabarmendu dute.
Bizikleta martxarekin bat egiteko, igandean 09:30etan jarri du zita Hernaniko Sarek, Lasarte-Orian.
Hernaniarrek zita Lasarten, igandean 09:30etan
Bizikleta martxa ez da Hernanitik pasako, baina parte hartzeko deia luzatu die Hernaniko Sarek, herritarrei. Zehazki, igandeko etaparekin bat egitera animatu ditu. Horretarako, Lasarte-Orian jarri dute zita, Atsobakar zaharren egoitzaren ondoko autobus geltokian, goizeko 09:30etan. Horrela, bizikletan Lasarte-Oria zeharkatuko dute, eta nahi duenak, aurrera jarraitu dezake. Zizurkilen, esaterako, ekitaldia izango da, goizeko 11:00etan.