Uztaileko Plenoko akta onartuz, dekretu batzuen berri emanez eta 2018ko udal aurrekontuaren kreditu aldaketen inguruko informazioa emanez hasi zen astearteko Plenoa.
Udal finantzak, aztergai
Isa Sanchez zinegotziak azaldutakoaren arabera, «espero ez ziren sarrerak jaso» direnez, proiektu batzuetarako kredituak haunditu ahal izan dira. Batetik, 109.379 euro gehitu dira Udalerako; horietatik 79.080, Beterri eskualdeko toki garapenerako programak martxan jartzeko, Andoaingo Udalaren bidez, eta 30.299, Aseguru Kontsortziotik, Zubipe eta Landareko uholdeen kalteordain gisa. Beste 60.000 euro, Zerbitzu Sozialetan gehitu dira, eta Eusko Jaurlaritza eta Aldundiaren bitartez, 137.000 euro, Ereñotzuko obra eta inbertsioetarako.
Bigarren hiruhileko datuei dagokienez, Udal aurrekontuko gastuaren %51 eta sarreren %45 exekutatu da; Zerbitzu Sozialetako gastuen %73 eta sarreren %60 ere bai; eta baita Ereñotzuko gastuen %60 eta %32. «Tesoreria datuak aldekoak» dira.
Udal lanpostuen erregistroari dagokionez (RPT), Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen RPTan jaso gabeko urteroko kontratazio batzuk egin direla, eta lanketa egiten ari direla, batzuk RPTan sartzeko. Hain juxtu, zehaztu zuen Udal euskaltegiko irakasleen postuak dagoeneko RPTan jaso direla, eta Transpacarreko Lanbide Heziketako eta Musika Eskola Publikoko irakasleen postuen inguruko lanketa egiten ari direla.
Azkenik, Udalek urtero Udal Ondasunen Inbentarioa berritu behar dutenez, aho batez onartu zen 2017ko abenduaren 31ko balioa: Udal eraikin, lur, azpiegitura sare eta abarren balioa 112.241.361 eurokoa da.
Etxez etxekoa, merkeagoa
Xabier Lertxundi, Zerbitzu Sozialetako lehendakariak azaldu zuen Aldundiarekin elkarlanean aritu direla «etxeko laguntza zerbitzua eraginkorragoa eta erabiltzaileentzako erakargarriagoa izan dadin».
Horrela, aho batez onartu zuten guztiek zerbitzu honen lan-egunetako prezioa 18,80 eurotik 15 eurora jaistea, eta jai-egunetakoa, 22 eurotik 18,75era.
Mozioekin, adostasun bila
Aurrerago, aho batez onartu zen EH Bilduk aurkeztutako Udalaren adierazpena, euskeraren normalizazioaren alde eragiteko. Hernaniko Euskara Ari Duko kideak bertan izan ziren, ekarpena eskertzeko.
EAJk kutsadura akustikoaren inguruko mozioa aurkeztu, baina hurrengo Plenora atzeratzea erabaki zuen, gaia aztertzeko denbora izateko.
Azken mozioa Orain Hernanik aurkeztu zuen, Hernaniko airearen kalitatearekin kezkatuta. PSE eta EAJ puntu guztiekin ados agertu ziren, eta EH Bilduk argibideak eman nahi izan zituen. Azkenean, adostu zuten datuak izatean Eusko Jaurlaritzari helaraztea eta neurriak hartzeko eskatzea, «kaltegarriak izan daitezkeen isurketak gutxitzeko». Zentzu horretan, ikerketa egiten ari da Kataluniako Unibertsitate bat, eta Udalak bost makina jarriko ditu neurketak egiteko Zikuñagan, Florida-Etxeberrin, Sagastialden, Portun eta udaletxean.
Erregu eta galderetan, herritar batek gai horrekin kontsekuente izateko eskatu zien. Bestalde, EAJk harrobiaren egoeraz galdetu zuen, zein materialekin bete den argitzeko, eta OHk eskatu zuen legegintzaldia baloratzeok inkestaren emaitzen berri emateko.