Eguraldiak tarteka zapuztu bazuen ere, egun haundia izan zen atzokoa, Karmen eguna, Kaxkoan. Eta legeak agintzen duen bezala, alkatetzan erreleboa eta omenaldiak izan ziren, zita nagusienetako bat. Oso pozik hartu zuen alkate makila, Manolo Adarraga Elizaran Txokolok: «Hernanin jaiotzea izan zen onena, eta bertan bizitzea ere bai. Kanpoan bizitzea ere tokatu zait, baina beti izan dut Hernani bihotzean. Zerua da Hernani, niretzat». Ondoren, omenaldi berezia jaso zuten hiru merkatarik ere: Mari Cruz Hidalgo zenak (Oihana alabak jaso zuen), Mariaje Eizagirrek eta Pablo Gomezek.
Baina laugarren batek ere jaso zuen errekonozimendua, atzokoan: Juanjo Uriak, 14 urtez jaien aurkezle izan denak. Eli Pagola gazteak hartu dio erreleboa, zeregin horretan.