GAURKOA izango dute egun haundia, aurtengo Karmen jaiek. Asteburuan zehar ekitaldi ugari izan dira festari lotuak, baina Karmengo egunez egingo dira omenaldiak, alkatea izendatuko da eta egitaru zabala prestatu dute Kaxkoko kale eta guneetan.
Mezarekin eta dianarekin hasiko dute eguna, eta eguerdiko 12:00etan lehertuko da festa, txupinazoarekin. Eta orduan biziko dira jaietako momentu berezienak: alkate makila hartuko du Manolo Adrraga Elizaran Txokolok. Plaza Berrin izango da eta «beldur pixkat ematen dit» kontatu dio Kronikari. Plaza Berrin izango omen da ekitaldia esan digu Txokolok «ilobaren etxe ondoan eta ez dakit zer izango den. Hori bai, herria asko maite dut».
Txokolok gazte denboran futbolera jokatzen zuen Hernanin eta Hernaniko errugbiaren historian oso garrantzitsua izan da. Sustatzaile nagusienetakoa; jokalari, entrenatzaile, delegatu.... kargu ia guztietan egon da. Madrilen ikasi zuen, baina beti egon da Hernaniri eta Kaxkoari oso lotua. «Aginte makila hartzea zeozer berria izango da niretzat, falta nuen gauza bakarra».
Beste hiru merkatari, omenduak
Manolo Adarragak alkate makila hartu ondoren, beste hiru merkatari omenduko dituzte bertan. Bat oso berezia izango da. Aurki dendako Mari Cruz Muguruza Hidalgo orain gutxi hil zen eta bere alaba Oihana egongo da bertan. Galerias Buen Precioko Mariaje Eizagirre Eizmendi eta Farmazia Gómez Justeleko Pablo ere omenduko dira.
Eta hortik aurrera, bazkari herrikoiak, karta eta kaleko jokoek, puzgarriek, eskulanek, txokolatadak... hartuko dute Kaxkoa, sardin-jate tradizionalarekin bukatzeko, iluntzean, aurtengo Karmen jaiak
Jazz Hernanik arrakasta eduki zuen
Larunbatean eta igandean egon ziren ekitaldietan jende asko mugitu zen, batez ere Jazz Hernani jaialdian. Roberto Yabenen kontzertuan 450 pertsona inguruk bete zuten Tilos pasealekua. The Romanticosenean 200 ikusle zeuden. Igandean ere jende asko egon zen jazza entzuten.
KARMEN JAIAK 2018
GAUR, Kaxkoan
09:00, Meza Agustindarren elizan, Kaxkoko hildakoen omenez.
09:30, Diana.
10:00-12:00, Kaxkoko kaleetan zehar umeentzako jolasak (udalekutakoak)
12:00, Jaien hasierako txupinazoa. Alkatea: Manolo Adarraga Elizaran ‘Txokolo’. Omenduak: Mari Cruz Muguruza Hidalgo (Aurki) orain gutxi hil zen eta bere alaba Oihana egongo da; Mariaje Eizagirre Eizmendi (Galerias Buen Precio); Pablo Gómez Justel (Farmacia Gómez Justel). Gero, balkoi apaintze lehiaketa, eta trikitixa Kaxkoan zehar.
14:00, Bazkaria, Plaza Berrin.
16:30, Karta-jokoak, Andre kalean. Bikoteak: mistoak edo bi emakumez osatutakoak.
16:30, Toka, igela eta botea, Kale Nagusian.
17:00-19:00, Puzgarriak eta eskulanak, Plaza Berrin.
18:00, Txokolatada, Plaza Berrin.
20:00, Sari-banaketa: kartak, jokoak eta balkoi ederrena.
20:00-22:00, Sardin-jatea.
22:30, Txupinazoa, jaiari bukaera emateko.