Jazz Hernani musika jaialdia berreskuratu dute aurten, 18 urteren ondoren, eta gaur hasi eta bihar amaituko da. Kaxko Elkartearekin bat eginda dator ekimena, eta asteleheneko Karmen Jaien programan dator atxikita.
2018koa 17garren edizioa izango da, beti bezala Tilosetako pasealekuan antolatuko dena. Gaur, Roberto Yaben hernaniarrak, 20:00etan eskainiko du kontzertua; eta 22:30etan The Romanticos taldearen txanda izango da.
Yabenek ibilbide luze bezain oparoa du musika garaikidean eta jazzean. The Romanticos, berriz, Iker Piris tolosarraren proiektua da, eta Riky Ávila eta Adrian Carrerarekin batera hirukotea osatzen dute.
Pirisek ere badu Hernanirekin lotura, bertan ikasitakoa baita. Abeslaria, konpositorea eta gitarrista da. Blues taldea da The Romanticos, eta 2017an Good Vibrations hirugarren lana argitaratu zuten.
Bihar, igandean, berriz Buffalo hirukotearen txanda izango da. 20:00etan hasiko dute emanaldia, eta zarauztarrak dira; hiru partaideetako bi, Fernando Ederraren semeak: Ander Ederra gitarrarekin, eta Joanes Ederra bajuarekin.