EKainaren 10ean ia 400 astigartarrek parte-hartu zuten Gure Esku Dagok erabakitze eskubidearen alde antolatutako giza-katean. «EAEn izan den mobilizazio jendetsuena izan da eta aurreko giza-katean baino astigartar bikoitzak parte-hartu zuten. Beraz, zoriontzeko arrazoirik ez da falta».
«Mobilizazio jendetsu honen antolaketa eta koordinazioa, herriko Gure Esku Dagoren ardurapean egon da» eta EH Bilduk eskerrak eman nahi dizkie erabakitze eskubidearen alde herritarrak mobilizatzeko aukera eman izanaz. EH Bilduk «argi du erakunde publikoetatik, erabakitze eskubidearen alde, lan asko dagoela egiteko baina herritarren mobilizazio eta parte-hartzerik gabe ezinezkoa izango da erabakitze eskubidea errealitate bilakatzea».
«Txanponaren beste aldean: EAJ
Gure Esku Dagok maiatzeko plenorako giza-katean parte-hartzeko deialdia «besterik egiten ez zuen mozio bat aurkeztu zuen. Bazirudien erabakitze eskubidearen alde dauden alderdi politikoen (EH Bildu eta EAJ) babesarekin, mozioa aurrera aterako zela, plenoa baino ordubete lehenago ospatu zen bozeramaile batzordean gertatu zen bezala. Baina, bozeramaile batzordeak plenoan txosnaren mozioa ere eztabaidatzea onartu zuen, EAJren irizpidearen aurka».
«Ordubetera, plenoan, denen harridurarako, EAJk bere botoa aldatu eta Gure Esku Dagoren mozioan abstenitu egin zen». EH Bilduren ustez bi arrazoi egon daitezke boto aldaketaren atzean: «bat Astigarragako EAJ, erabakitze eskubidearen aurka egotea edo bi, EAJren nahiaren aurka, txosnaren mozioa eztabaidatzera behartu izana». EH Bilduk uste du, abstentzioa, «txosnaren mozioa lantzeagatik hartutako kasketa baten ondorioz izan dela. Onartezina da, udal gobernuko ordezkariek, 8 urteko umeek baino heldutasun gutxiagoko jarrerak izatea».
EAJk herri eta hiri desberdinetan bat egin du Gure Esku Dago dinamikarekin (Lezo, Zarautz, Markina-Xemein, Tolosa, Irun, Hernani...). «Podemos bera ere alde azaldu da. Astigarragako Alkateak gainera, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJko gainontzeko ordezkariekin batera, Gure Esku Dagoren ekimenarekin bat egin zuen. Zertara ari da jokatzen Astigarragako EAJ?»
«Astigarragako EAJk Astigarraga eta Euskal Herriaren aldeko benetako posizioa badu, EAJri heldutasun eta ardura gehiago eskatzen dizkio eta herritarrek bere borondate onenarekin egindako esfortzua eta lana ez gutxiestea. Eta batez ere, beren arduragabekeria inori ez leporatzea. Behar zen erantzuna eman ez izanaren ardura osoa eta bakarra eurena delako, EAJ eta Alkatearena.