Jazz Hernani musika jaialdia, berreskuratu dute aurten, 18 urteren ondoren, eta asteburu honetan izango da. Kaxko Elkartearekin bat eginda dator ekimena, eta astelehenean Karmen Jaiak direla kontutan hartuta, esan liteke Karmenen preludio izango dela, herriko jazzaldia.
2018koa, 17garren edizioa izango da, beti bezala Tilosetako pasealekuan antolatuko dena, larunbatean eta igandean. Bihar, Roberto Yaben hernaniarrak, 20:00etan eskainiko du kontzertua; eta 22:30etan The Romanticos taldearen txanda izango da.
Yabenek ibilbide luze bezain oparoa du musika garaikidean eta jazzean. The Romanticos, berriz, Iker Piris tolosarraren proiektua da, eta Riky Ávila eta Adrian Carrerarekin batera hirukotea osatzen dute.
Pirisek ere badu Hernanirekin lotura, bertan ikasitakoa baita. Abeslaria, konpositorea eta gitarrista da. Blues taldea da The Romanticos, eta 2017an Good Vibrations hirugarren lana argitaratu zuten.
Igandean, berriz, Buffalo hirukotearen txanda izango da. 20:00etan hasiko dute emanaldia, eta zarauztarrak dira; hiru partaideetako bi, Fernando Ederraren semeak: Ander Ederra gitarrarekin, eta Joanes Ederra bajuarekin.
Hirugarren partaidea David Gorospe bateria da. Haiek ere, hiru lan argitaratu dituzte; azkenekoa 2015ean, Zinematik izenburupean. Musika instrumental eta esperimentalean ibili dira lanean, baina ez da erraza talde hau estilo batean kokatzea.
1985tik 2000 urtera, 16 edizio arrakastatsu
Jazz Hernani 1985ean hasi ziren antolatzen, Donostiako Jazzaldiarekin kontaktuan, bertan parte hartzen zuen talderen batekin. Eta Jazz Hernani K.E. elkartea arduratu zen antolatzeaz 1988tik aurrera, Udalaren laguntzarekin. Ordutik, urtero antolatzen zuten udaran, Tilosetako eszenatokian kontzertuak eskainita. Arrakasta haundia izaten zuen, jende asko biltzen zen, eta San Joanetako graderioa ere erabili izan zuten horretarako.
Glorioso batzuk ere etorri ziren, elkarteko sortzaileen esanetan, Jazz Hernanin jotzera. Eta kamixetak ere egin zituzten. Donostiako Jazzaldiaren barruan antolatzen zen amateur lehiaketako taldeak etorri izan ziren; Hungaria, Polonia eta Kataluniako taldeak, horietako batzuk. Jorge Pardo eta Jean Marie Ecayren kontzertu ahaztezinak entzun ziren, besteak beste.
2000 urtean utzi, eta orain Kaxko elkartearekin batera berreskuratu dute
Baina 2000 urtean, trabak tarteko, Jazz Hernani antolatzeari utzi zioten. Eta Kaxko Elkartearekin bat egin dute, berreskuratzeko. Kaxko Elkarteak azken urteotan antolatu ditu kontzertuak, herriko taldeekin, Karmen egunaren bueltan; eta Jazz Hernaniren antolatzaileek denbora zeramakiten berriro zerbait antolatzeko ilusioarekin. Hortaz, bat egin eta berreskuratu egin dute 2018rako.
«Musika mota hau desagertu egin da Hernanin, azken bi-hiru urteotan; orain ez da mota honetako emanaldirik antolatzen, eta berriz ere doinu horiek entzutea gustagarria da zaleentzat eta hurbildu nahi duen guztiarentzat», nabarmendu dute antolatzaileek.
Eta azpimarratu dute, era berean, Tilosetaren egokitasuna: «gazte asko biltzen da, eszenatokia ere badago, eta pena da kontzertuak bertan antolatzeari utzi izana. Oso toki aproposa da». Hori bai, euria egiten badu kontzertuak Biterin izango dira. Emanaldi guztiak doan dira.