«2016ko uztailaren 7an gertaturiko bortxaketaren kasuan zigortuak izan ziren bost pertsonak, La Manada bezala ezagunagoak, behin-behinean aske uzteko Nafarroako Auzitegiak hartutako erabakiak gizartean sortu duen ezinegon eta kezka haundiarekin bat eginez», EH Bilduk mozioa aurkeztu du Udal Osoko Bilkurak onar dezan.
Mozioak lehenik eta behin babesa, maitasuna eta elkartasuna azaltzen dizkio biktimari. Ondoren, Nafarroako Auzitegiak gai honetan hartutako bi erabakien inguruan desadostasun osoa adierazten du.
EH Bilduk ez du bat egiten 2016ko uztailaren 7an gertatutakoa bortxaketa izan ez zela esaten zuen epaiarekin, ezta La Manadako kideak behinik-behin aske uzteko erabakiarekin ere.
Mozioaren bitartez, EH Bilduk «bere etsipena eta haserrea adierazten ditu eta bat egiten du justizia aldarriarekin, batik bat, erabaki honekin emakume guztiak babes gabe geratzen direlako eta beste behin argi geratzen delako egungo sistemak ez dituela emakumeen bizitzak eta eskubideak behar bezala babesten. Horregatik emakume guztiak askatasunerako duten eskubidea aldarrikatzen du mozioak».
Astigarragako EH Bildu alderdiak dio ekimen desberdinen bitartez lanean jarraituko duela kalean zein instituzioetan, mugimendu feministarekin bat eginez, «indarkeria matxista emakumeen bizitzetatik behin-betiko desagerrarazteko eta berdintasunaren bidean urrats sendo eta atzeraezinak emateko».