«Garai batean, kanpin denda jarrita pasatzen zuten udara familia batzuek, Ugaldetxon»

Kronika - Erredakzioa 2018ko uzt. 11a, 02:00

«Toki lasaia eta berdea da Ugal­­detxo, eta dena zeneukan ber­tan, haurrekin joateko: ibaia, itzala, berdegunea... Eta zerbait behar izanez gero, taber­na ere bazeneukan», dio Ma­­rixabel Balerdi Arozenak. Joan den urtean, udara buka­tu­­ta, itxi zuen Ugaldetxo taber­na: «Iñaki jubilatu zen, ondo­ren­gorik ez dator, eta nik ba­ka­­rrik ezin nuen aurrera era­man». Jende asko biltzen zuen toki horietakoa izaten zen Ugaldetxo, ibai denboraldian.

Bizitza osoa egin zuen Ba­ler­dik, tabernan lanean: «ez dakit noiztik dagoen taberna zaba­lik, baina aiton-amonak behintzat hemen aritu ziren lanean, eta aita eta ama gero. Ni txikitatik ibili naiz; batzuetan, eskolara joan gabe ere bai. Funda­men­tu ederrarekin aritzen ginen hemen!», gogoratzen du.

«Mugimendu haundia izaten zen lehen: zerbezeriko langileak, ehiztariak...»
Azkeneko urteotan, «asko mo­telduta» zegoen, baina garai ba­tean, «mugimendu haundia» izaten zen tabernan: «baserri inguruko jendea bertan elkar­tzen zen, karta-jokoan edo; la­netik etxera bueltan zetozenak ere bai... Bilgune bat izaten zen, kontu-kontari aritzeko. Zerbezerakoak ere bai, egunero etortzen ziren; hura itxi zute­nean asko jaitsi zen hemengo mugimendua. Eta ehiztari eta basurdezaleak ere izaten ziren hemen, ehizatutakoa ekarri eta guk prestatzeko, baz­kaltzeko. Lehen asko egiten zen hori; komuniotarako, adi­bi­dez, base­rritarrak ekartzen zuen arku­mea edo. Gaur egun horre­la­korik ez dago, orain oso se­ño­rito jarrita gaude».

«Santioko ermitaren 50garren urteurrenean, jende asko bildu zen hemen, eta oso egun polita izan zen» 

Egun bereziak ere gogora­tzen ditu Balerdik, Ugaldetxon: «Santioko ermitaren 50garren urteurrenean, jende asko bildu zen hemen, eta oso egun po­li­ta izan zen. Bazkaria, ber­tso­lariak, musika... Denetik izan zen hemen. Eta horrez gain, San Antonio bigarrenean ere festa haundia izaten zen urte­ro: toka, pelota, bertsolariak...».

Azkeneko urteotan, mugi­mendu gutxiagorekin, Goizue­ta­tik etorritakoak, bizikletan ze­biltzanak, Hernanitik gertu­ratzen zirenak... izaten ziren Ugaldetxo tabernan, egune­ro­ko­an: «batzuk propio etortzen ziren, Ugaldetxoko salda eta pintxoak jatera. Baziren Do­nos­tiatik etortzen zirenak, haragi egosi pintxoa jatera. Pena har­tu zuten, itxi genuelako», dio.

«Urtero jende berbera etortzen zen, eta horiekin harreman oso estua genuen»
Udaran, berriz, ibai ondora etorritakoak izaten ziren ohi­koenak tabernan: «eguraldi onarekin, jendetza biltzen da ibaiaren inguruan, aspalditik. Garai batean, oso harreman po­lita egiten zuten beraien artean, etortzen zirenek. Urte­ro jende berbera izaten zen, eta elkar ezagutzen zuten; oso harreman estua zuten, eta gu­rekiko ere, lotura berezia iza­ten zuten. Oso polita zen, baita ere, Olazar irekita zegoenean, handik ho­na etorri, eta he­men­dik hara joaten zi­rela». 

Egunpasa joaten da jen­dea orain, ibaira; baina lehen, akan­­pa­tzea ere posible zen Ugalde­txon: «kanpin denda ja­rri eta hilabete osoa pasatzen zuten familia batzuek hemen; baita opo­rre­­tan egon gabe ere! Pi­su­tik be­ha­rrean, hemendik egi­ten zu­ten bizimodua: he­men­­dik lanera joan, eta lane­tik buelta berriro hona».

«Oso harreman polita egiten zuten beraien artean, urtero ibaira etortzen zirenek; eta gurekiko ere, lotura berezia izaten zuten. Oso polita zen»

Baina oporretara bakarrik ez, arrantza egitera ere joaten ziren bertara, kanpin dendak hartuta: «Aste Santuan, denda jarri eta hortxe egoten ziren, Fagollagan hasi eta auskalo noraino; hori jendetza! Apa­rrain­soro ere, dendaz beteta egoten zen». Uholdeak izan zirenez geroztik, ordea, debe­ka­tuta dago bertan akanpatzea.

«Hiritik atera eta berde­gu­nea eta lasaitasuna bilatzen dutenentzat, oso toki aproposa da Ugaldetxo», dio Maixabel Ba­lerdik. Hala ere, errespe­tu­a­ren kontua ere aipatu nahi izan du: «de­netik izaten da, etortzen den jendearen artean. Batzuk oso formalak dira; baina beste batzuek ez dute errespetatzen, eta musika sekulako bolume­nean jartzen dute», dio. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!