HERNANI Errotzen elkarteak Nabarralde Fundazioarekin elkarlanean eta Euskal Herriaren historia gaia hartuta, udako ikastaroa antolatu du Hernanin. Uztailaren 16tik 19ra, lau egun jarraian, bi ordutako saiotan, 10:00etatik 12:00etara, guztira 8 ordu, izango dira. Ikastaroa Biteri Kultur etxean emango da eta Beñi Agirre da zuzendaria.
Nabarraldek eskaintzen duen on-line bidezko ikastaroaren laburpena landuko da ikastaro honetan. Gaiak aditu talde baten zuzendaritzapean garatu dira eta guztien artean osatzen dute gure herriaren kontakizun historiko jarraitua, Antzin Arotik gaur egungo errealitateraino.
Ikastaroa ikus-entzuneko materialez lagunduta izango da. Ikasle bakoitzari testu laburpena emango zaio. Beñi Agirrek dio «edozeinentzako zuzendua dago eta ez dira bakarrik klase magistralak. Jendeak parte hartu dezake solasaladi moduko bat sortuz. Azalpenak izango dira diapositiba eta testuen bidez».
Izena emateko azken eguna etzi osteguna, uztailaren 12an izango da. Izenematea herriaerrotzen@gmail.com helbidean egin daiteke eta matrikula eta materiala kostua 10 eurokoa da. «Orain arte 16 ikaslek eman dute izena eta ostiralean onartuko litzateke izen ematea».
Ikuspuntu propiotik lantzen da eta ez kanpotik
Ikastaro honen bidez, Euskal Herria-Nafarroako historiaren irakurketa orokor eta sintetikoa eskaintzen da, ikuspegi propiotik landuz eta egun bizi dugun errealitatean eragiten duten erreferente eta gertaera historikoak azpimarratuz.
Ikastaroaren helburuak
Beñi Agirrek azpimarratzen du helburuak ondokoak direla: «Gure herriaren historia ezagutaraztea eta herritarra gaitzea egungo egoera ulertuz etorkizuna garatzeko tresnak izan ditzan».
«Historia eta oroimen historikoari buruzko gogoeta analitikoa sustatzea».
«Gure historiaren ikuspegi zehatz eta dokumentatua eskaintzea».
Ikastaro honek euskalnafar subjektu historikoaren axioma hartzen du aintzat. Eta lau ataletan banatzen da: Historia-oroimena, aintzin aroa, erroma; Subjektu historikoa eta erakundeen sorrera; Konkistak eta lurralde zatiketa; Foruak eta gaur egun arteko erakundeak.
Beñi Agirrek esanetan «ikastaroa herri honek, oraindik ere askok ukatzen duten harren, berezko presentzia izan du historian; lurralde fisiko oro har egonkorra; bertan sortu eta garatutako kultura eta hizkuntza; Batzar auzolanean oinarritutako erakundetze propioa; Erresuma izaerako Estatu subirano eta independentea, Nafarroa».
Agirrek gaineratzen du: «Zoritxarrez, alboko beste estatu batzuek euskal eremua murrizteko ez dute ez gupidarik ez eskrupulurik izan. Oinarri hauetatik abiatuta, Euskal Herriaren historiako gertakariak, datak, oroimenak, lekuak eta erreferentziak zehaztasunez landuko ditugu».
Euskeraz izango da
Euskeraren historia ere txertatuta dago ikastaroan eta euskeraz izango da oso osorik. Historia osoa hartzen du eta sintesis bat egingo da. Ikuspegi orokor bat landuko da. «Historia ez da inoiz neutroa. Kontua da euskaldunok ez dugula inoiz idatzi gure historia gure ikuspuntutik eta ikastaro honetan hori landuko dugu. Euskaldunok Espainia edo Frantziaren barruan zer papel jokatu dugun idatzi da, baina ez sujeto historiko bezela. Euskal Herria gaur dena izatera nola iritsi den ezagutaraziko da».