Azkeneko momentuan ihes, txapelak

Kronika - Erredakzioa 2018ko uzt. 9a, 02:00

Ezin berdinduagoa izan zen atzo, Europako Taldekako Txa­pelketaren finala, 30 metroko frontoian; eta azkeneko mo­mentuan, ihes egin zion txa­pelak, Hernaniri.
Desenpatean galdu zuten finala, Amaia Irazustabarrenak eta Maider Mendizabalek, La­purdiko Urruñarrak taldearen kontra. Eta iaz bezala, garai­pen haundiaren ateetan gera­tu ziren, joan den urteko txa­peldun beraren aurrean.
Lapurtarrek irabazi zuten aurreneko seta (10-15). Pelota hautsi egin zen orduan, eta bigarren setean, pelota berria­re­kin, gustorago aritu ziren her­naniarrak; baita partidua berdindu ere, 15-5 irabazita.
Baina ezin izan zituzten lanak borobildu, desenpatean. Aurretik hasi ziren, 4-2 aurre­na, eta 5-4 gero. Baina orduan, bere maila onena erakutsi, eta bost tanto egin zituzten segi­dan, lapurtarrek. 5-9ra joan zi­ren zuzenean, eta horrekin, ia erabakita utzi zuten parti­dua. Eta hala ere, ez zuten amore eman hernaniarrek.
Beraien lanari eutsi, sakea berreskuratu, eta 8garren tan­to­ra iristea lortu zuten, tanto bakarrera jarrita. Baina hortxe bukatu ziren hernaniarren esperantzak. Azke­neko tantoa egin zuten urruñarrek, eta bere aldera eraman zuten txapela, 8-10 irabazita.
Ikusleek, behintzat, gozatu ederra hartuko zu­ten, sekulako maila izan baitzuen finalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!