Asteburu berezia izan zen aurrekoa, Leokadisti Txistu Taldearentzat. San Joanak beraien doinuekin girotu ondoren, Segoviara joan ziren, bertako folklore jaialdian parte hartzera; Agapito Marazuela topaketaren 35garren edizioan, hain justu.
Hernaniarrek kalejira egin zuten, larunbatean eta igandean, beste sei talderekin batera: Airiños de Fene gaitero banda, Candelas de El Casar, Ronda de los Llanos, Pifarados do Álvaro Pessoa, Ángel Rufino de Haro El Mariquelo, eta Marijabe. Otorduetan ere, jarri zuten giroa, eta hemengo makina bat doinu eraman zituzten Segoviako txokoetara. Besteak beste, Azeri Dantzaren doinua jo zuten, aste horren hasieran hainbestetan entzun genuena, Hernaniko kaleetan. Txalo zaparrada ederrak jaso zituzten, segoviarren aldetik.