Eskapada ederrak egin zituzten batzuek atzo arratsaldean, zezen txikien aurrean; eta parranda luzea besteek, gauean. Eta haiei bezala, kostako zaio esnatzen, San Fermin jaietako azkeneko egunari ere, Martindegi auzoan; baina behin herri kirol saioarekin hasita, eguerdian, bata bestearen atzetik etorriko dira ekintzak, guztien gozamenerako.
Ikustekoa izango da, aizkoran, Aitzol Atutxak jokatuko duen lehia, Unai Otaegi eta Eneko Saralegi bikotearen kontra. Baita Mikel Lopetegi Urra harrijasotzailearen erakustaldia ere.
Eta belarriak goxatzeko modukoak, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Miren Amurizaren bertsoak, trikitilari gaztetxoen doinuak, eta Eider eta Lierni Tolosa ahizpek eskainiko duten erromeria. Gorputza mugitu nahi duenak, aukerarik ez du faltako!
Elkarrekin kalejiran bukatuko dituzte jaiak, iluntzean.
MARTINDEGIKO JAIAK
GAUR, igandea
12:00, Euskal Festa.
Aizkolariak: Aitzol Atutxa batetik, eta Eneko Saralegi eta Unai Otaegi bikotea bestetik, lehian.
Harrijasotzailea: Mikel Lopetegi ‘Urra’.
13:00, Bertsolarien saio berezia: Andoni Egaña eta Amets Arzallus.
18:00, XXII. Trikitilari Gaztetxoen Txapelketa.
18:00-19:00, Toka txapelketa nagusia (Gurutzeta sukaldeak antolatuta).
Jarraian, Bertsolarien bigarren saioa: Aitor Mendiluze eta Miren Amuriza.
20:00, Erromeria, Eider eta Lierni Tolosa ahizpekin.
Ondoren, Kalejira auzoan barrena, festei bukaera emateko.