Atzo hasi ziren Santio jaietarako beroketak, igel jokoarekin, eta gaur eta bihar jarraituko dute: 3x3 saskibaloi txapelketa, Astigarragako Herri Krosa, eta esku pelota jaialdia. Baina asteburu honetan ez, baizik eta datorren asteartean, Santio egunaren bezperan, izango da festen hasiera ofiziala. Xaguxarren txupinazo txikiak girotuko du Foru Plaza, eta hain zuzen ere, txikienak izango dira eguneko protagonista nagusiak, arratsaldera arte: elizako kanpaiek 19:00ak direla iragartzen dutenean, udaletxeko balkoira aterako dira hamaika lagun, hamaika justu: Euskaraldian parte hartuko duen Astigarragako Hamaikakoaren kideak.
Beraiek irakurriko dute pregoia, eta baita txupinazoa bota ere. Eta horrekin batera, eskua emango diote elkarri, euskerak, giro eta umore onak, eta ondo pasatzeko gogoak, udaletxeko balkoian bertan, eta plazan.
Vendetta eta Gozategiren eskutik giroa, aurreneko bi gauetan
Festak lehertzen diren momentutik, ez da girorik faltako, uztailaren 28ra arte. Egunez, kaleko joko eta jolasek, mariatxiek, dantza emanaldiek, bertso saioek edota Santa Ana eguneko ohiko ekintzek gozaraziko dituzte herritarrak; eta gauetan, ez dira faltako kontzertuak. Aurreneko egunean, Vendetta taldeak piztuko du Joseba Barandiaran plaza, bere agurreko biran; eta bigarrenean, Gozategi taldea igoko da, eszenatoki berera.
Ez da faltako musikarik, Gazte Asanbladaren txosnan ere: DJ Txankleta asteartean; Apalatxe taldea asteazkenean; Peputz abeslaria eta Chimamanda taldea ostegunean; Kilimak taldea eta Yacovlev, Bisai eta Dantzall Sound DJ ostiralean; eta Elizagoien Ahizpak taldearekin erromeria, larunbatean.
«Ez dezagun ahaztu, jatorriz, gure herriaren sustraiak Santiomendi auzokoak direla»
Santio jaien atarian, bere mezua helarazi nahi izan die Zorione Etxezarraga alkateak, herritarrei: «Santiago Erromesak, gure herriaren nortasuna islatzen du. Gaur egun gizarte laikoan bizi garen arren, tradizioaren eta garai bateko bizimoduaren irudi da gure herriarentzat. Ez dezagun ahaztu, jatorriz, Astigarragako sustraiak Santiomendi auzokoak direla, eta Donejakue bidean, Santiomendiko ermitan dagoela santuaren irudia», ekarri du gogora.
Eta horren harira, eskaera eta gonbitea luzatu die herritarrei, festetarako: «kondairak omen dio, Santiago Erromesak babesten dituela Donejakue bidea zeharkatzen dituen haiek; hala izan bedi aurten izango ditugun Santio jaietan ere. Udaletik eskatu nahi dizuegu, astigartarrok gure jaiak errespetuz eta berdintasunean ospa ditzagula, eta aldi berean, indarkeria sexistarik gabeko festak izan daitezela».
Zentzu horretan, gogorarazi dute, indarkeria matxista ez dela bakarrik eraso fisikoa eta bortxaketa: «baimenik gabeko zirriak, ukituak eta musuak, zure gorputzari buruzko komentario eta begirada iraingarriak, astuna izatea, sexu harremanak izateko xantaia egitea... Jaia aitzakiatzat erabiltzea ez da onartuko: neskak ezetz badio, ezetz da. Hala ere, erasotua sentitzen bada, inguruan dauden besteen laguntza eskatzea gomendatzen dugu, eta larria dela uste badugu, salaketa jartzekoa».
Horretarako, hiru telefono hauek eskura izatea gomendatu dute: 112 (SOS Deiak), 900 84 01 11 (24 orduko arreta zerbitzua), eta 699 487 585 (Astigarragako Udaltzaingoa).