Nafarroako Gobernuak Hondakin plan berria onartu berri du. Orain parlamentura bidaliko du Hondakinen lege proiektua, taldeek hura eztabaidatu dezaten. Gobernutik azaldu dutenez, proposamenak hainbat neurri zehazten ditu araudi europarra bete eta Nafarroako Hondakin Planean jasotzen diren helburuak lortzeko.
Helburu nagusia hondakinen sorrera murriztea da, eta horretarako, prebentzio neurriak biltzen ditu proposamenak. Besteren artean, Hondakinen Prebentziorako Bulegoa sortzea, ekonomia zirkularra sustatzea, plastikozko poltsen erabilera arautzea eta sentsibilizazio kanpainak antolatzea.
Plana eta Legea oso aurrerazaleak dira hondakinen kudeaketan, besteak beste ekonomia zirkularra oinarri hartzen dutelako, errausketa baztertuz. Legearen beste printzipio haundietako bat da hondakinen kudeaketa eta erantzukizuna lotzen dituela, hau da, «kutsatzen duenak ordaintzen du». 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, esaterako, hondakin guztiak sailkatuta biltzea derrigorrezkoa izango da. Neurri horretan zailtasunik handiena organikoa sailka biltzea izango da.
2027rako hondakinen %70 sailkatuta bildu beharko da Nafarroan. Erronka handia da kontuan hartuta gaur egun %34 biltzen dela sailkatuta.