LARUNBATA, uztailak 7
10:30, Auzoko Hildakoen alde Meza. Ondoren, hamaiketakoa, Oialume tabernaren eskutik.
13:00, Goiko aristian, oroigarri xume bat gure artean ez daudenentzat. Tturko familiari eskertza, harreragatik.
14:30, Auzo bazkaria.
16:30, Gaztelu puzgarria.
18:00, Zezen txikiak eta
zalditxoak.
19:30, Arratsaldeko dantzaldi saioa, Laiotz taldearekin.
23:00, XVII. Abere dema, Imanol Paolla eta Asteasuko Itxaso Arrutiren zaldien artean.
00:00, Dantzaldia, Laiotzekin.
Goizaldean, Platano dantza lehiaketa xelebrea.
IGANDEA, uztailak 8
12:00, Aizkolariak: Aitzol Atutxa batetik, eta Eneko Saralegi eta Unai Otaegi bikotea bestetik, lehian. Harrijasotzailea: Mikel Lopetegi ‘Urra’.
13:00, Bertsolarien saio
berezia: Andoni Egaña eta Amets Arzallus.
18:00, XXII. Trikitilari Gaztetxoen Txapelketa.
18:00-19:00, Toka txapelketa nagusia (Gurutzeta sukaldeak antolatuta).
Jarraian, Bertsolarien bigarren saioa: Aitor Mendiluze eta Miren Amuriza.
20:00, Erromeria Tolosa ahizpekin.
Ondoren, Kalejira auzoan barrena, festei bukaera emateko.
Hernani eta Astigarragatik irten gabe badago San Ferminetaz gozatzeko aukera, Martindegin esaterako. Bertan bada ekitaldi kuttun ugari, urte asko dituztenak eta hoien artean azpimarragarrienetakoa gaur ospatuko den abere dema izaten da. 17 edizio beteko ditu aurten eta jende ugari biltzen da bertan. Arrakasta haundia izaten du 22:45etan hasiko den demak eta aurten Imanol Paolla hernaniarraren eta Itxaso Arruti asteasuarraren zaldien artekoa izango da.
Xabier Barrenetxeak dio inguruko auzo eta herritan abere dema egitea gustoko dutela bertakoek. «Ohitura haundia du inguruko jendeak abere demak ikusteko eta jende asko biltzen da auzoan lehia ikustera. Martindegin, Ergobin, Astigarragan, Osiñagan... demak izugarrizko indarra du. Bai zaldi demak eta baita idi demak ere».
Kilometro karratu gutxitan zenbat probaleku dauden ikustea besterik ez dago. Ergobin badago, Astigarragak badu berea, Perurenan, Zamalbiden... eta Xabierrek ere gehitzen du «Frantxilla Zaharrak ere bai».
Martindegiko abere dema gauez antolatzen da eta hau ere ez da berria. Idi dema asko egiten dira gauez, baina Martindegiren eredua nondik datorren argitzen du Xabierrek. «Ikusi nuen Igeldon saltsa polita sortzen zela gauez eta hortik bururatu zitzaigun guri ere gauez egitea. Urnietan ere antolatzen da».
Martindegin beti zaldi edo behor dema antolatu da. «Lehendabiziko urtean astoa zaldiaren kontra egin genun. Hasieran Santiagomendiko batzordeak uzten zigun harria eta gero guk gurea egin genuen. Azken urteetan desafioa irabazten duenak plaza mantentzen du. Irabazten dunak lekua mantentzen du eta beste bat sartzen da. Azken bi urteetan Zerainek irabazi du eta nahiz eta aurten etortzekoa izan, azken unean, zaldiak min hartu du eta ezin izango du etorri. pena haundia hartu du. Urte guztia prestatzen aritu, erakustaldi batzuk bazituen eta orain ezin etorri. Bere ordez Imanol Paolla hernaniarra sartu dugu».
Aurkaria Itxaso Uranga asteasuarra izango da. «Lehengo urtean Orioko Etxeberria eta Zerain aritu ziren, honek irabazi zuen eta Asteasukoa sartu nahi izan dugu eta berak gogo asko ditu. Zerainen zaldiaren lesioa eta gero Imanol da ordezkoa. Gainera nahiko ‘pikea’ ba omen dute. Dema polita aterako da. Pasa den urteko denboraldiaren amaieran apustu egin edo ez ibili ziren eta azken orduan ez zen irten. Beraz nahiko lehia badute».
Pantaila elektronikoa ere bai
Martindegiko antolaketa ez da nolanahikoa izaten; pantaila elektroniko eta guzti jartzen dute. «Denbora eta plazak zenbatzen ditu, bertan ikusi daiteke eta jarraitu daiteke zaldiaren lana. 30 minutuak betetzen direnean klason hotsa entzuten da. Nahiko kuriosoa da».
Abere demak inguruko jende asko biltzen du: «Hernani, Urnieta, Astigarragan... afizioa dago, batez ere baserritar eta euskaldun giroan»
800 kiloko harria eta errepidean
Zaldiak bultza beharreko harria gainera ez da nolanahikoa. 800 kilokoa da. Honelako demetan normalean baino 100 kilo gutxiago. Baina horrek badu bere arrazoia, Xabierrek argitzen duen bezela. «Probalekuetan errazago ibiltzen da harria, eta gurean errepide gainean mugitu behar da, harria gehiago helduz. Horrek zaildu egiten du harria mugitzea. Horregatik egin genuen 800 kiloko harria eta ez 900ekoa». Jendeak ohitura hartu du afal ondoren Martindegira hurbiltzeko abere dema ikustera. «Inguruko jendea da batez ere: Hernani, Astigarraga, Ergobia, Santiagomendi... euskaldun eta baserri girokoa».
Hitzai bezela Asteasukoak Zamalbideko Aitor Matxain ibiltzen du. Bere bitartez datoz. «Bi urte zeramatzaten etorri nahian eta sartu ditugu».
Gainera beti harri eta leku berdinean jokatzeak marken saltsa ere areagotzea ekartzen du. «Osabak marka guztiak ditu jasota eta uste dut Hernaniko Zerainek duela marka hoberena. Mikrofonitik giroa jartzeko balio du, erreferentzi bezala».
Zezentxo eta zaldi txikitan ere jendetza
Larunbata arratsaldean eguraldiak laguntzen badu zezentxo eta zaldi txikiek ere jende asko biltzen dute. «Gaztetxo asko etortzen dira, bai Hernani, eta bai Astigarragatik. Gaztelu puzgarriak daude aurretik eta animatzen da jendea».
Atutxak errepikatuko du eta ‘Urra’, estreinekoz
Eneko Saralegi eta Unai Otaegi ditu aurkari bihar txapeldun dimoztarrak. Harriarekin erakustaldia eskainiko du zarauztarrak.
Aitzol Atutxa orain bi urte Martindegin aritu zen Mikel Larrañagaren eta Larraren aurka, eta orain berriz itzuliko da. Gainera ordundik beste Euskal Herriko bi txapela irabazi ditu, orain jadanik lau ditu. Azken urteotako aizkolaririk hoberena da dudarik gabe eta berriz ere Hernanin, eta Martindegin, aritzea gozagarria da herriko herri kirol zaleentzat. Irailean Portu Auzoko festetan ere egon zen eta azken bi urteetan Ereñotzun ere ez du hutsik egin. Gustoko du Hernanin eta inguruetan aizkoran aritzea.
Aurten, bihar 12:00etan hasiko da herri kirol saioa eta Atutxaren aurkari lanetan Unai Otaegi eta Eneko Saralegi izango dira. Unai pasa den urtean ere aritu zen. Eneko Saralegirekin batera bikote sendoa osatzen dute.
Eguneko beste izarra Mikel Lopetegi Urra harrijasotzailea izango da. Zarauztarrak erakustaldia eskainiko du harri desberdinekin. Urra gaur egun dagoen harrijasotzailerik trebeenetakoa da eta harri txikiekin punta puntan dabil.
Eutsi platanoa eta ez utzi dantza egiteari
Larunbat gauen goizaldera izango da lehiaketa xelebre eta umoretsu hau.
PLATANO dantza lehiaketan adin guztietako auzotarrek parte hartzen dute, nahiz eta azkenaldian gaztetxo asko geratzen da dantza xelebre umoretsu honetan parte hartzera. Larunbat gauean izango da dantzaldiaren ondoren.
Guztira, 30-40 bikote aritzen dira, adin guztietakoak. Parrandan dagoen jendea da, goizeko 04:30 aldera izaten baita. Hala ere ordutegia aldatu egiten da dagoen jendearen arabera.
Laiotz taldearen saioa bukatzean, hasiko da platano dantza lehiaketa. Lehendabizi, bikoteak osatzen dira, mota guztietakoak: mutila eta neska, mutila mutilarekin edota neska neskarekin. Bikote bakoitzari petoak ematen zaizkio, dortsalarekin. Ondoren, zirkuitu bat markatzen dute, proba gunea izango dena. Ez dago zirkuitutik ateratzerik.
Musika, gelditu gabe, eta dantzan platanoak ezin du lurrera erori
Dena prest dagoenean, platanoak zuritu, eta bikote bakoitzari bana ematen zaio. Ahoarekin eutsi behar dute, bakoitzak punta batetik. Orduan hasten da musika. Bi musikari, jo eta jo aritzen dira, gelditu gabe, eta estilo batetik bestera saltoka: fandangoarekin hasi, orain balsa...
Une bakoitzean, musikariek jotzen duten erritmora egin behar dute dantza bikoteek. Eta hori guztia, platanoa ahotan eutsiz. Horixe baita helburua, platanoa luzaroan eustea. Irabazlea, denbora gehien irauten duen bikotea izango da.
Gaztetxoek trikitilari txapelketan parte hartuko dute 22. edizioan
Martindegiko bikote bat eta inguruko herrietakoak ariko dira bihar, 18:00etatik aurrera, jaialdi bikaina eskainiz.
urtero bezala, bere lekua izango dute trikitilari gaztetxoek, Martindegiko festetan. Dagoeneko Trikitilari Gaztetxoen Txapelketak 22 edizio bete ditu, eta 21 urte luze dira Trikitilari Gaztetxoen Txapelketa antolatzen dutela, Martindegiko festetan. Trikitixa indarrean zegoen garaian hasi ziren, eta oso ondo atera zen, jende asko erakarri baitzuen.
Martindegi auzokoa izango da bikoteetako bat eta besteak inguruko herrietatik etorriak: maila haundiko trikitilariak izaten dira, eta saio bikaina eskaintzen dute.
Hiruna pieza eta ordubete inguruko saioa
Bihar 18:00etan, hasiko da. Nor baino nor ariko dira, ikusleen belarriak goxatzen. Hiruna pieza jo beharko ditu bikote bakoitzak. Abestia librea izaten da, baina erritmoa finkatuta izaten dute. Ordubete inguru iraungo du saioak.
Entzuleek gozatuko dute emanaldiaz, baina onenak zein izan diren erabakitzea, ez da beraien esku egongo. Bi epaile izango dira, musikarekin lotura haundia dutenak: maisuak, musikariak...
Lau bertsolari binaka, bi txandatan banatuta
Egaña eta Arzallus, goizean, eta Mendiluze eta Amuriza, arratsaldean.
euskal Herriko edoizein festetan ez dira bertsolariak falta eta aurten ere bi saioa antolatu dira Martindegin. Bihar, eguerdiko 13:00etan, Amets Arzallus eta Andoni Egañak gozaraziko dituzte entzuleen belarriak beraien doinu eta bertsoekin. Bi txapeldun haundi aurrez aurre ea nork bota bertso dotoreenak. Umore ona ziurtatuta dago.
Arratsaldean, erreleboa Aitor Mendiluze eta Miren Amurizak hartuko dute. Bigarren saio Trikitilari Gaztetxoen Txapelketa amaitu eta gero hasiko da.
Andoaingo bertsolaria izango da Hernani eskolako ordezkaria Martindegin eta bidelagun, bertsotan, izango du bertsolari berriztarra. Maila haundiko bertsolariak.