Duela zortzi urte hasi ziren egiten Goizuetan, garai bateko ohitura berreskuratzeko asmoz, Karmen bezperako herri afaria. Eta aurten ere, ez du hutsik eginen. Uztailaren 15ean izanen da, Plazan elkartuta. Eguraldi txarra eginen balu, goiko frontoira mugituko lukete afaria, babes hartzera.
Aurten aurrenekoz, Umore Ona elkarteak hartu du, afaria antolatzeko ardura. Eta nor bere gisara mugituko bada ere, ordu bat gomendatu dute antolatzaileek, Plazan elkartzeko: iluntzeko 20:30etarako bertan egoteko deia egin dute.
Hortik ordubetera piztuko dute Karmen bezperako sua, 21:30etan, Plazan bertan.
Arbiaren zuztarrak erretzen zituzten sutan, baserrien atarietan, ereiteko haziak kendu ondoren.
Ardoa, sagardo kupela eta freskagarriak, antolakuntzak
Herritar, familia edo koadrila bakoitzak eramanen du afaria, etxetik; baina edariak, antolakuntzaren kontura izanen dira: ardoa jarriko dute, sagardo kupela ere bai, eta haurrentzako, freskagarriak.
Tortilla lehiaketa, laugarrenez
Herri afariarekin hasi aurretik, tortilla lehiaketa ere eginen dute. Bertan behera geratu zen joan den urtean, baina aurten berriro eginen dute. Laugarren edizioa izanen da, eta nobedade batekin dator. Orain arte, Plazan bertan prestatu behar izaten zituzten tortillak; aurten, etxetik edo elkartetik eginda eramanen dituzte, Plazan entregatzeko, 20:00etan. Orduan, epaileek onena aukeratuko dute, eta segidan, herri afarira joandakoek izanen dute aukera, tortillak dastatzeko.
Baserrien atarietan pizten ziren suak, gogora
Zortzigarren aldia izanen da, herri afaria eginen dutena. Eta egiten hasi ziren, garai bateko ohitura bat berreskuratu nahian. Karmen egunaren bezperan, sua pizten zuten baserrien atarietan. Arbiaren zuztarrekin egiten zuten sua: arbia mozten zuten, haziak kentzen zizkioten ereiteko, hurrengo sasoirako, eta geratzen ziren zuztarrak erretzen zituzten sutan.
Ohitura zahar hori eta historia hori berreskuratu nahi dute goizuetarrek, urtero, orain dela zortzi urtetik.