Bolada ezin hobean dago Markel Lizeaga pelotari hernaniarra, eta garbi geratu zen hori, Usurbilen ere. Txapela jantzi zuen Usurbilgo Torneoan, Xabi Santxorekin batera. 22-10 irabazi zieten finala, Tartaloetxe taldeko Azketa eta Elizegiri.
Aitor Gorrotxategi hernaniarrak jokatu behar zuen finala, berez; baina lesionatuta, ezin izan zuen jokatu, eta bere partez aritu zen Lizeaga. Ez zuen bere partidu onena jokatu, normalean baino pelota gehiago galduta; baina bikain aritu zen Santxo usurbildarra, eta txapelak janztea lortu zuen bikoteak, Eliteko Euskal Herriko Torneoan bezala.
Buruntzaldeako Torneoa martxan, asteazkenetik
Eta dagoeneko, martxan da beste torneo bat ere, denboraldiko azkena, CD Hernanik antolatuta. Asteazkenean hasi zen Buruntzaldea Torneoa, eta hiru partidu jokatu ziren.
Hernaniarrek, hala ere, gaur egingo dute debuta: Jara eta Lasa kadeteak 18:00etan, Irazu eta Uriaren kontra; eta Arizmendi eta Insausti jubenilak segidan, Huitzi eta Eguskitzaren kontra. Bihar 11:00etan, berriz, Insausti II eta Etxarri kadeteak ariko dira, Aranburu eta Zalakairen kontra; eta Salaberria eta Zugasti jubenilak, Galarraga eta Urbietaren kontra.
Uztailean jokatuko da torneoa, Hernanin, eta Buruntzaldea, Donostialdea eta Oarsoaldeako 56 pelotari ariko dira, guztira: 16 kadeteetan, 16 jubeniletan, eta 24 nagusietan.