«Ereñotzuko presa botatzea eskatu dugu; ez du funtziorik»

Kronika - Erredakzioa 2018ko uzt. 6a, 02:00

Ereñotzuko presa botatzeko eskaera luzatu diote, Kantau­ri­ko Kon­fe­derazio Hidrografi­koa­ri, Eguzki Talde Ekologistak eta Ríos con Vida elkarteak. Hala jakinarazi dute: «eskatu diogu bertan behera utzi dezala, Ereñotzuko zentral hidroelektrikoak Urumea ibaitik ura hartzeko daukan eskubidea; eta ondorioz, presa eraitsi dezala».

Izan ere, nabarmendu dute izokinari eta beste arrain espe­zieei, traba egiten diela: «kontuan izan behar da, presa hori Urumeako Kontserbazio Bere­zi­ko Eremuan bertan dagoela, Natura 2000 eremuan alegia; eta izokinari eta beste arrain espezieei traba haundia egiten diela», azaldu dute.

Eskaera egin dute, zehazki, ofizialki desagertu egin delako, eskubidea eskuratu zuen enpresa; Central Hidroeléc­tri­ca de Rentería izenekoa, Ener­gia­ren Euskal Erakundeak eta Ore­retako Udalak osatutakoa. «Eta azkeneko hiru urteotan, behintzat, zentralak ez du fun­tzionatu», nabarmendu dute.

«Zentralak ez ditu bete, ezarritako baldintzak»
Era berean, adierazi dute zentralak ez dituela bete, eskubidea jaso zuenean ezarri zitzaiz­kion bi baldintzak: «bata, gu­txienez 1.600 litro segunduko emari ekologikoa errespeta­tzea; eta bestea, izokin-eskala eraikitzea. Denborarekin agerian geratu da, zentralak sarri ez duela errespetatu gutxieneko emari ekologikoa, eta izokin-eskalak ez dituela baldin­tza minimoak betetzen. Foru Aldundiak Urumeako arrain-eskalen inguruan egindako txosten batek argi eta garbi esaten du, Ereñotzukoak ez die­­la izokinei behar bezala pasa­tzen uzten. Gainera, kontuan izanda non dagoen eskala, oso mantenu zailekoa da. Beraz, egi­tura akatsengatik batetik, eta mantenu zailtasunengatik bestetik, eskalak ez ditu baldin­tzak betetzen, eta Kontser­ba­zio Bereziko Eremuaren helburuak ere urratzen ditu».

Hori horrela, nabarmendu dute, arrazoi horietako edozein «berez nahikoa» dela, eskubidea bertan behera uzteko, eta presa botatzeko: «Uru­mean bio­­aniztasuna sustatzeko au­ke­­ra paregabea da, ez­bai­­rik gabe».

Azkenik, adierazi dute, iba­iak hobetzeko bidean, helburu nagusienetakoak direla ura har­tzeko eskubideak bertan behera uztea, eta ibai barruko oztopoak kentzea; «are gehiago aspalditik funtziorik ez du­te­nean, eta oso oztopo garran­tzitsuak direnean, kasu honetan bezala», diote. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!