Emanaldi berezia, kontzertu solidarioa, izango da larunbat honetan, San Joan Bataiatzailearen parrokian, arratsaldeko 19:45etan hasita. Aba Taano taldeak eskainiko du, Ugandako bost gaztek osatzen dutena. Eta hain justu, Música para salvar vidas Gobernuz Kanpoko Erakundeari laguntzeko izango da: Ugandako umezurtzei musika eta dantzaren bitartez hazi eta ikasten laguntzen dien GKE bat, beraien herrialdean etorkizuna izan dezaten.
Hori horrela, sarrera doan izango da, baina borondatea eskatuko dute kontzertuaren bukaeran, GKEari laguntzeko: «borondatea bakarrik eskatzen dute beraien kontzertuetan, eta normalean, jendeak lagundu egiten du, abeslarien ahotsek emanaldian sortzen duten magiagatik», nabarmendu dute GKEtik.
Gospela, kantu afrikarra eta pop doinuak, ‘a cappella’
Errepertorio propioa da, talde ugandarrak eskaintzen duena. Gospela, kantu afrikarra eta pop doinuak eskaintzen dituzte, denak a cappella, dantza eta antzerkiarekin. Ehunka kontzertu eskaini dituzte Europan barrena, 2008 urtetik; sei disko kaleratu dituzte; eta nazioarteko sei sari jaso dituzte, bere ibilbidean.