Udako ikastaroa antolatu du Hernani Errotzen elkarteak, Nabarralde Fundazioarekin elkarlanean. Euskal Herriaren historiari buruz ariko dira, lau egunez: uztailaren 16tik 19ra.
Biterin emango dute ikastaroa, Beñi Agirre historialari hernaniarrak zuzenduta. Goizeko 10:00etan hasi, eta eguerdiko 12:00ak arte izango dira saioak; egunean bi ordu, eta zortzi ordu guztira.
Aurreratu dutenez, ikastaroan landuko dute, Nabarraldek eskaintzen duen online bidezko kurtsoaren laburpena: «gaiak aditu talde baten zuzendaritzapean garatu dira, eta guztien artean osatzen dute gure herriaren kontakizun historiko jarraitua, Aintzin Arotik gaur egungo errealitateraino», azaldu dute. Lau ataletan banatuko dute: historia-oroimena, Aintzin Aroa, Erroma; subjektu historikoa eta erakundeen sorrera; konkistak eta lurralde zatiketa; eta foruak eta gaur egun arteko erakundeak.
Ikus-entzunezko materialarekin lagunduko dute ikastaroa, eta ikasle bakoitzari, testu laburpena emango diote.
Izenematea zabalik, uztailaren 12ra arte
Ikastaroan parte hartzeko, izena eman behar da aurrez, eta uztailaren 12ra arte dago epea. Horretarako, izen-abizenak bidali behar dira, helbide elektroniko honetara: hernanierrotzen@gmail.com. 10 euro dira, matrikula eta materiala barne.
Hiru helburu nagusi zehaztu dituzte, ikastaro honetarako: «batetik, gure herriaren historia ezagutaraztea, eta herritarra gaitzea, egungo egoera ulertuz etorkizuna garatzeko tresnak izan ditzan; bestetik, historia eta oroimen historikoari buruzko gogoeta analitikoa sustatzea; eta azkenik, gure historiaren ikuspegi zehatz eta dokumentatua eskaintzea. Izan ere, Edward Said idazle, literatur kritiko eta militante palestinar-estatubatuar dioen bezala, herri bati defizioa emateko biderik onena, bere historiaren idazketa da», nabarmendu du Hernani Errotzenek. yy