Asteburu polita izan da pasa dena, pelotari hernaniarrentzat; eta beste hiru txapela ekarri dituzte Hernanira, bi txapelketa irabazita.
Batetik, onenetan onena izan da Markel Lizeaga, Eliteko Euskal Herriko Torneoa irabazita, Xabi Santxo usurbildarrarekin batera. Aspeko pelotariekin Estatu Batuetan bira egitetik bueltan jokatu du txapelketa Lizeagak, denboraldiko rankingeko 12 pelotari onenek jokatzen dutena. Hernaniarrak Eneko Yoldirekin jokatu zuen sailkatze fasea, eta hirugarren geratu ziren, finaletik kanpo; baina Telletxea finalistaren lesioagatik, eta bera hirugarren izan zenez, finala jokatzeko aukera izan zuen Lizeagak. Baita ondo aprobetxatu ere!
Oso nagusi izan ziren Lizeaga eta Santxo, Azpiri eta Madariaga bizkaitarren kontra, eta 22-4 irabazi zuten. Horrekin, txapela bakarrik ez, datorren urtean San Franciscora joateko txartela ere lortu du.
Eta bestetik, Udaberri Torneoko finala irabazi dute Jon Jarak eta Unai Etxarrik, elkarrekin. 18-12 nagusitu ziren Ordizian, Gaztelekuko Arrillaga eta Belokiren kontra. Partidu serioa bezain ona jokatu zuten hernaniarrek, bikote indartsu baten kontra. Horrela, txapelketa bikaina borobildu zuten: sailkatze fasean sei partiduak irabazi zituzten, eta azken faseko lauak, finala barne.