Maiatzean jokatu zen, Gaueko Komiki Dendan, Catan mahai-jolas txapelketa. Bigarren urtea da antolatzen dena, eta bertan irabazten duenak, Madrilen jokatzen den estatu mailako finalerako txartela lortzen du.
Aurten, Fermin Almandoz Sanchez hernaniarrak irabazi du. Larunbat honetan jokatuko da final hori, Madrilgo We Are Chamartin hotelean. Guztira, 150 jokalaritik gora sailkatu dira, baina aldaketak tarteko, azkenean ezingo du bertan egon hernaniarrak.
Nolatan hartu zenuen parte Hernaniko Catan Txapelketan?
Kasu honetan, Alairen (Zubimendi) laguna naizelako. Lehengo urtean esan zigun txapelketa antolatuko zuela, eta esan genion baietz, jendea lortuko zuela, gu ere etorriko ginela. Aurten berriro antolatuko zuela-eta, berriro baiezkoa eman genion lagun batzuk. Azkenean, txapelketarako jarritako egunagatik jende gutxixeago etorri zen, baina ideia zen dendan giro pixkat bat jarri eta jolastea.
Aurreneko asmo hori lortuta, irabaztea zenuen bigarrena?
Ez. Jolasteagatik etorri nintzen, Gaueko dendan ekintzaren bat egiteagatik. Azkenean, zorte kontua da, dardoen araberakoa. Etortzen bada, ondo. Lehengo urtean, adibidez, aurrenekoan kanporatu ninduten. Aurten, pasa dugu koxka hori, eta baita irabazi ere!
«Momentu batzuetan aliantzak egin behar dira, eta, beraz, besteen arabera ere jokatu behar duzu»
Baina, zorte kontua al da dena? Ez al da Catan, estrategia jokoa?
Pixka bat bai. Baina, hala ere, dardoen araberakoa ere bada. Zenbakiak jarri, eta bi dardoen arteko konbinazio aukerak. Puska batean besteen araberakoa, eta baita ere, zein zenbaki ateratzen den.
Eta orain, Madrileko finala jokatu behar zenuen...
Hasieran finala noiz jokatuko zen esan zutenean, banekien ezingo nuela bertan egon, bezperan ezkontza batera joatekoa nintzela-eta. Gero, data aldatu zutenean, lana eta opor egunak nola uztartu begiratzen aritu nintzen, ea joatea posible izango nuen; baina azkenean, ezin izango dut bertara joan.
Izan zara lehenago horrelakoren batean?
Ez. Gauekokoan bakarrik, Hernanin egiten delako.
Jokatzen, ordea, lehenagotik aritu izan zara. Nolatan?
Alai ilustratzaile lanetan hasi zenean, lagunak ginenez, bere lanerako ideiak hartzeko joko ezberdinak probatzen genituen. Eta orain bi urte, denda ireki zuenean, aipatu zuen horrelako zerbait antolatuko zuela, eta izena eman genuen.
Antzeko beste jokoetan ere ibilia zara, orduan?
Partxis, Monopoly edo Hotel bezalako jokoen eboluzioa dira oraingoak. Lehen bi edo hiru aukera zeuden, eta orain, Partxisetik pixka bat aldenduta, joko hauek atera dira. Azkenean, neguan edo euria egiten duen bitartean entretenitzeko, badaude beste aukera batzuk.
Praktikatzen duzula ikusita, irabazteko zortea baino gehiago erabiliko zenuen. Zein da giltza?
Azkenean, oso inportantea da hasiera batean non kokatzen zaren, eta besteek ere nola jokatzen duten. Jokoa aurrera doan heinean begiratu behar da nondik jo eta besteei nola kalte egin. Era berean, momentu batzuetan aliantzak egin behar dira, eta, beraz, besteen arabera ere jokatu behar duzu.
«Lehengo urtean aurrenekoan kanporatu ninduten»
Orokorrean, ezagunak dira mahai-joko hauek? Askotan umeekin lotzen dira...
Ez. Azkenaldian ezagunagoak egin dira. Baina gutxi. Fnac bezalako dendek lagundu dute joko hauek ikusarazaten, baina oraindik, mahai-jokoei buruz hitz egiten dugunean burura etortzen direnak dira partxisa, ajedreza, Hotel eta Monopoly, juxtu-juxtu. Beste aukera asko dago. Asko, umeentzat. Baina aukera landuagoak ere badaude gaur egun.
Baten bat gomendatzekotan?
Oso desberdinak daude. Norekin jolastu behar duzun eta zein luzerako jolasa nahi duzun, izaten da desberdintasuna.
Eta tokiren bat, jokorako?
Etxeetan gehiago jokatzen da. Gaztetxe batzuetan ere hasiak dira. Badakigu Hernaniko Gaztetxean ere badaudela joko batzuk. Baina aukera gehiago izaten da hiri haundietan. Dena den, azken batean, kontua da lagun artean ibiltzeko aukera izatea.