‘zergatik ez’ egitasmoa gaur hasiko da Orion goizeko 07:00etan eta bertan murgilduta daude bi hernaniar. Edurne eta Gurutze Yarza Odriozola ahizpak. Erronka haundia dute aurretik. Beste 30 emakumerekin batera eta lau etapetan Orio-Bilbo-Orio beteko dute arraunean traineruan.
Pasa den urtean sortu zen erronka aurrera eramateko ideia eta 40 urte inguru betetzehar edo betetako emakume talde bati sortu zitzaion. Zerbait berezia egin nahi zuten eta Zergatik ez? egitasmoa martxan jarri zuten.
Hasiera batean arrauna egitea edo arraun egiten ikastea zen helburu bakarra, baina helmuga bezala zeharkaldi bat egitea bururatu zitzaien. Beti ere, Orio Arraun Taldearen laguntzarekin, 32 emakumek eman zuten izena eta ia denak jarraitzen dute erronkan.
Lau egun iraungo du zeharkaldiak. Gaur irtengo dira eta txandakatuz joango dira. Uztailaren 15ean Orion behar dute izan berriz ere. Edurne eta Gurutze Yarza hernaniarrentzat arrauna ez da gauza berria. Hernaniko nesken arraunean aintzindariak izan ziren eta Hernanik nesken trainerua uretaratu baino ia 25 urte lehenago ibili ziren arraunean Hernaniko taldean Alatzne Mutiloarekin batera, besteak beste.
Lau etapetan 198 kilometro
Edurne 1973an jaio zen eta Gurutze 1974an. Biak 45 urteren bueltan daude eta erronka haundia da beraientzat, nahiz eta beste egitasmokide batzuekin alderatuta eskarmentu haundiagoko arraunlariak izan. Asko dira inoiz arraun egin gabeak pasa den urteko udazkenean arraun egiten hasi ziren arte. Horregatik agian hankeko joaten dira txalupan.
Nahiz eta hernaniarrak izan gaur egun Gurutze Orion bizi da eta ahizpa eta biak animatu ziren egitasmoan parte hartzera.
Lau etapetan 198 kilometro beteko dituzte. Orioko Arraun Taldeaz gain, lagundu dute Orioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak; azken honek, Tknika eta Lanbide Heziketaren bitartez, Tknika trainerua utzi die.
Larunbatean, eguerdian, iritsiko dira berriz ere Oriora
Lehendabiziko etapan Oriotik Bermeora osatuko dute. Guztira 52 kilometro. Bihar, bigarren egunean, 07:30etan Bermeotik irten eta Portugaletera iritsiko dira, 56 kilometro eginez. Bihar bertan, 12:00etan, harrera egingo diete Bilboko portuan. Ostiralean 64 kilometro beteko dituzte Portugaletetik bueltan Ondarrura eta larunbatean iritsiko dira Oriora etaparik laburrena egin eta gero; 26 kilometro. Larunbatean 12:30etan espero da iritsiera.