GAUR beteko dira 40 urte Armadun Poliziak Joseba Barandiaran astigartarra tiroz hil zuela. 1978ko San Ferminetan poliziak tiroz Iruñean German Rodriguez LKI alderdiaren kidea erail ondoren, greba orokorrari deitu eta Donostiako Aldapeta kaleko istiluetan zegoela, Armadun Poliziak tiro egin eta bala batek Joseba Barandiaran hil zuen. Gertaera garaian Josebak 18 urte besterik ez zituen.
Berria egunkariak orain hamar egun jaso zituen bere familia eta lekukoen adierazpenak erreportaia batean. Goizean goizetik hasi ziren protestak Donostian 1978ko uztailaren 11n. 09:30ean, hiriko erdialdean egiten ari ziren manifestazio bat desegin zuen Poliziak, eta bertatik, talde batek barrikada bat altxatu zuen San Bartolome eta Victor Pradera (gaur egun, Easo) kaleen artean.
Aldapetan gora, 300 metro aurrerago, Polizia etxea zegoen. Pilotakadak, ke poteak eta harriak jaurti zizkieten elkarri poliziek eta barrikadan zeudenek; 12:45ak aldera Poliziaren auto batetik suzko armaz tiro egin zuten arte. Bularrean zauritu zuten Barandiaran, eta erietxera bidean hil zen.
Ordurako bero zegoen giroa are gehiago gaiztotu zuen Barandiaranen hilketak. Istiluak ugaritu ziren. Donostian, hamar mila lagun baino gehiago elkartu ziren hilketaren aurka protesta egiteko manifestazioan, eta jendetza batu zen Astigarragan ere, Barandiaranen hiletan. Egoera horretan, suari su eman zion Espainiako Poliziak hilaren 13an; Burgostik Errenteriara joandako dozenaka poliziak herriko saltokiak puskatu zituzten, horietan lapurtu zuten, eta tiroka hasi zitzaizkien balkoietan zintzilikatuta zeuden eta krespoi beltzak zeramatzaten ikurrinei.
Justiziarekin edo gabe, gertatutakoa ez du ahazten Joxe Miel anaiak: «Ahaztean hiltzen da pertsona bat. Eta hau ez da ahazten».
Joseba lagun zuen Iñaki Alejos astigartarrak, eta harekin zegoen barrikadan 1978ko uztailaren 11n. «Joseba oso urduria zen, manifestazio guztietara joaten zen, langile sentimendu handia zuen».
Justiziarekin edo gabe gertatutakoa ez da ahazten dio bere anaia Joxe Mielek: «Ahaztean hiltzen da pertsona bat. Eta hau ez da ahazten»
Senide, lagun, bertsolari, abeslari, Ahaztuak eta San Fermines 78 Gogoan
Joseba Gogoan! herritar ekimenak ekitaldi desberdinak antolatu ditu orain 40 urte gertatu zena oroitzeko. 13:30etan hasita Josebaren omenezko muralean erakusketa egongo da, lore eskaintza egingo zaio eta agurra ere dantzatuko da.
Senide eta lagunez gain ordezkaritza polita bilduko da Joseba oroitzeko. Agin Laburu bertsolaria, Martzelo Alvarez Ahaztuak elkarteko kidea, Iruñako Peñen ordezkaritza, Fermin Valencia abeslaria, Sabino Cuadra San Fermines 78 Gogoaneko kidea besteak beste.
Agin Laburuk abestuko ditu koplak eta elkarte desberdinetako ordezkariek hartuko dute hitza. Fermin Valenciak Josebaren omenez abestuko du eta Eusko Gudariak ere abestuko dute. Omenaldian hartuko dute parte: Zipotza Elkarteak, AGAk baita German Rodriguezen sendiak eta lagunek ere. Ondoren herri bazkaria antolatu dute. Ipintzan izango da 20 euro ordaindu behar dira.
Arratsaldean Aldapetan plaka jarriko da bere omenez
Arratsaldean, 19:00etan, omenaldia Donostiara eramango da. Aldapetan gogoratuko da Joseba Barandiaran astigartarra.
Ahaztuak elkarteak plaka bat jarriko du Barandiaran tirokatu zuten lekuan.
Tiro egin zuena ez zen identifikatu eta zigorrik ez da bete
Joxe Miel anaiak dio ez dela justiziarik egin, eta ez dakiela egingo den ere: «Badakigu nortzuk diren errudunak».
DONOSTIAKO Instrukzio Auzitegiak ikerketa bat zabaldu zuen, eta ondorioztatu Joseba Barandiaran hil zuen bala polizia baten armatik irten zela. Hala ere, ez ziren gai izan tiro egin zuena identifikatzeko. 1985eko uztailean, behin-behinean artxibatu zuten auzia. Horregatik, Joxe Miel anaiak dio ez dela justiziarik egin, eta ez dakiela egingo den ere: «Badakigu nortzuk diren errudunak, baina oso gordeta daude».
Uste du Iruñako Udala «indar haundiarekin» ari dela German Rodriguezen hilketa argitzeko bidean pausoak eman nahian, eta hori bera eskatzen du anaiaren hilketaren auzian: «Argi dago zer pasatu zen, baina alor judizialean auziak ez du aurrera egin». Hala ere, ez du itxaropen haundirik. Ezta Alejosek ere, «baina mundu guztiak daki zer gertatu zen, eta jendearen memorian ez da ahazten. Beste kontu bat da hortik ezer lortzea».
Iñaki Alejos laguna berarekin zegoen
«Ni bertan nengoen, berarekin. Ordu erdi inguruz lasai egon zen egoera, eta, momentu batean, joan egin nintzen izkina batera. Orduan ikusi nuen norbait zeramatela zaurituta. Begiratzera joan nintzen korrika, eta ikusi nuenean Joseba zulo batekin... konturatu nintzen ez zegoela ezer egiterik». «Gaztea zen, horrek esan nahi duen guztiarekin», dio Alejosek.