Ekainean Suitzako Baselen izan ondoren, Italiara egin du salto Victor Goikoetxea artista hernaniarrak, uztailerako.
Milanen egongo dira bere obrak ikusgai, hilabete osoan zehar; gaur hasi, eta uztailaren 30era arte. Pisacane arte galerian izango da hori, eta Due Visioni d’Arte erakusketa jarri du Goikoetxeak, Maria Alonso Paez bilbotarrarekin batera. Hain justu, bakoitzaren ikuspegi artistikoa irudikatzen du, erakusketak.
Poliuretanozko obrak, beroan landutakoak
Hernaniarraren azkeneko lanak egongo dira ikusgai bertan, Termomodelados izenburupean aurkeztu dituenak. Beroan landutako poliuretanozko obrak dira, eta materialaren berezitasunei esker, kurba askoko formak landu ahal izan ditu, efektu bisual deigarri bat lortuz. Izaki mitologikoak irudikatzen dituzte, obra horiek.
Mitologian oinarrituta daude, hain justu, Alonsok Milanen aurkeztuko dituen lanak ere. Forma eta kolorez betetako lientzoak izango dira, ikuslearekin solasaldia bilatzen dutenak, haren subkontzientean eragin nahian, lientzo bakoitzak daukan ezkutuko mezua jaso dezan. Askatasun kromatikoa eta forma falta dituzte oinarri, bere lanek.