Askotan kirolean postuak ez du errealitate guztia erakusten. Hernaniko Maialen traineruak hamargarren amaitu zuen larunbatean eta hamaikagarren atzo Zierbenan, baina estropada hobea izan zen eta emaitza ere bai. Aurkariak gertuago izan zituen eta hobekuntza ikusi zen bai arraunean eta baita denboretan ere. Hernani (11:31) minutu batera sailkatu zen larunbatean eta atzo berriz 48 segundora sailkatu zen San Juan (10:42) irabazlearengandik. Beste ia lehiakide guztiak, Cabo eta Hibaika ez beste, gertuago izan zituzten.
Euskotren Ligarako San Juan, Orio (10:50), Arraun Lagunak (10:57) eta Hondarribia (10:58) sailkatu dira. Gainera koxka bateko aldea atera diote hurrengo traineruei. Beste hamabi estropadetan ariko dira Ligan zehar.
Hernani orain, ETE Ligan
Ez dira Euskotren Ligara sailkatu, baina Euskadiko Traineru Elkarteen (ETE) Ligan ariko dira beste sei ontziak eta horien artean lehiatuko da Maialen bai uztailean eta bai abuztuan zehar.
Berarekin batera ariko dira atzo bosgarren postutik atzera sailkatu ziren traineruak: Hibaika (11:09), Deusto (11:10), Donostiarra (11:10), Kaiku (11:12), Tolosaldea (11:23) eta Lea Artibai (12:09). Cabok 11:12ko denbora egin zuen, baina ez da ariko ETE Ligan.
Guztira hamabi estropada egingo dituzte; bost uztailean eta zazpi abuztuan. Hurrengo estropada Donostian dute hernaniarrek. ETE Ligako estreinaldia da eta Camargon ETE Ligako bigarrengoa.