Hilabetetako lehia gogorraren ondoren, Biharko Izarrak torneo garrantzitsuko finalera sailkatu zen Iker Salaberria goizuetarra, Aginagako Aitor Arangurenekin. Eta Mallabian jokatu zuten final haundia, ekainaren 14an, Javier Zabala errioxarraren eta Burlatako Aitor Alduntzinen kontra.
Baita irabazi ere! Baina estu eta larri, hori bai! Tanto bakarrera jokatu zituzten txapelak, markagailuak 21-21 berdinketa erakusten zuenean; eta azkenean, Goizuetara eta Aginagara joan ziren bi txapelak (22-21).
Partiduak denetik izan zuen: tentsioa, maila haundia, tanto ederrak... Eta baita emozioa ere, azken-azkenera arte.
Salaberriak Arangurenekin lortutako txapela, aginagarraren azkenekoa izan zen afizionatu mailan. Izan ere, astebete beranduago egin zuen debuta profesional mailan, ekainaren 23an, Asegarcerekin. Hain justu, Aimar Olaizola goizuetarrarekin jokatu zuen bere estreinakoa, eta 22-20 irabazi zieten, Iñaki Artolari eta Ibai Zabalari.
Olaizola, San Fermin torneoan
Asteburu honetan, San Fermin torneoko semifinala jokatuko du Olaizolak. Bihar izanen da, 17:00etan Sopelan; Bengoetxearen kontra ariko da, lau t’erdian.