Herritarren proposamenak jaso eta Udalak guztiak aztertu ondoren, azkeneko fasera iritsi da, aurtengo aurrekontu partehartzaileen prozesua. Gehien errepikatu diren proposamenek egin dute aurrera, eta horien artean bozkatu eta aukeratu beharko dute herritarrek, orain.
Horretarako, etxean jaso dute gutuna herritarrek, bozkatzeko orri batekin. Orri horretan markatu beharko dute gustukoen duten proposamena, eta datozen egunetan utzi beharko dute botoa, herrian zehar jarriko dituzten postuetako batean. Astelehenean, Norberto Almandoz Plazan egongo dira egun osoan, goizeko 09:00etatik 10:00etara, eta arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara; eta Ergobian egongo dira eguerdian, 12:00etatik 14:00etara. Asteartean, berriz, arratsaldez jarri dute zita bikoitza: Plazetxen 18:00etatik 19:00etara, eta Bentetan 19:30etan hasi eta 20:30ak arte.
Eta azkenik, asteazkenean, beste bi tokitan jarriko dute postua. Joseba Barandiaran plazan aurrena, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara; eta Arrobitxulon ondoren, 19:00etatik 21:00etara.
Lau proposamen, aukeran
Jasotako proposamen guztien artean, gehien errepikatzen zirenak eraman ditu azken fase honetara Udalak, azaldu duenez. Eta guztira, lau proposamen izango dira aukeran, bozkatzeko: parke flubialean bizikletentzat zirkuitua eta bestelako jarduerak; ermitako komunak egokitu eta ingurua txukundu; Anuska auzoa hiritartu; eta Apeztegi plaza txukundu.
Boto gehien jasotzen dituzten proposamenek egingo dute aurrera; horietan inbertituko dira, aurrekontuan jasotako 100.000 euroak.