Bigarren finala segidan jokatuko du gaur, Aritz Zubiri goizuetarrak, Sagardoaren Txapelketarena lehiatu ondoren. Gaurkoan, Promozioko txapelaren bila aterako da, 16:00etan Galarretan. Eloy izanen du bikote, aurrelari bezala; eta Etxarri eta Labaka kontrario. «Akats gutxien egiten duen bikoteak irabaziko du finala», nabarmendu zuen goizuetarrak, osteguneko pilota aukeraketan.
«Guk pilota motelagoak aukeratu genituen, eta beraiek biziagoak, Etxarrik kolpe haundia daukalako», azaldu zuen Zubirik.
Esperientzia daukaten bi atzelari ariko dira finalean, eta bi aurrelari gazte. Horregatik, goizuetarrak uste du, «nerbioak kontrolatzea» izan daitekeela klabeetako bat: «aurrelariak beti sartzen dira jokuan, eta uste dut, frontisean pilota gehien jartzen dituen bikoteak, asko izanen duela irabazita, txapela janzteko», dio berak.
Eloyri buruz, adierazi du «oso ausarta» dela: «ez dauka beldurrik paretan sartzeko, eta ezta pilota atakatzeko ere. Hobetzeko marjen haundia dauka. Hasieran kosta egin zitzaigun pixka bat, elkar ezagutu arte, baina hobetzen joan gara, eta azkenean oso ondo moldatu gara».
Goizuetarren babesa
Sagardoaren Txapelketako finalean bezala, herrikideen babesa espero du: «orduan goizuetar asko etorri ziren animatzera; orain ez du uste hainbeste etorriko direnik, baina seguru azalduko direla batzuk», adierazi du.