Antzerki saio berezia izango da gaur, Biterin: Taxidermia de un gorrión antzezlana eskainiko du Kulunka Teatro Konpainia hernaniarrak, arratsaldeko 20:00etan hasita.
Fikziozko topaketa bat kontatuko du antzezlanak: Camile Schultz animaliei argazkiak ateratzen dizkien erreportariaren, eta Edith Piaf diva haundiaren artekoa. «Izaera biziko bi emakume horiek, ironia eta zorroztasunez egingo diote aurre elkarrizketari. Zinezko disekzio bat izango da, naturari, mitoen jatorri eta izaerari, eta mitoetan sinistu eta sortzeko beharrari buruzko azterketa bihurtuko da. Bidaia emozional eta musikal bat, izar baten, buztinezko oinak dituen jainkosa baten sorrera eta gainbehera ekarri duten gertaeretan barrena», aurreratu du Kulunkak.
Fernando Sotok zuzendu du, José Daulten laguntzarekin, eta antzezleak izango dira Lola Casamayor, Alberto Huici eta Garbiñe Insausti hernaniarra. Hain justu, bere paperagatik, Insausti hautagai izan zen 2017ko Max Sarietan, Aktore Onenaren Saria jasotzeko.
Gaztelaniaz eskainiko dute obra, eta ordubete eta hogei minutuko iraupena izango du. Sarrerak, Biterin bertan eskuratu daitezke, 7 euroan.