Joan zaizkigu aurtengo San Joanak eta orain balorazioak egiteko garaia dator. hasteko, zoritxarrez eraso sexistak egon dira eta horrek festak ilundu ditu. Hori da alde tamalgarria. Bestetik, bi zauritu larri ere izan ziren sokamuturraren bigarren egunean eta biak arriskutik kanpo egon arren susto galanta hartu zuten.
Hala ere alde positibo nabariak izan ditu festak. Eguraldia lagun izan da bost egunetan, nahiz eta atzo lainoak agertu lehenengo aldiz. Azkenengo eguna hernaniarren gustokoa izaten da oso eta azken ordura arte aprobetxatu zituzten herritarrek San Joan festak, datorren urtera arte esan aurretik.
Goizean axeri dantza, jokoak Plazan, haurrentzako tailerrak eta ikuskizunak, bola jokoa, marrazki lehiaketako sariak eta herri kirolak egon ziren. Vicentek Larrañaga garaitu zuen.
Beti Egarriak txarangarekin batera, arratsaldean San Joan Konpartsaren antzerkiak, bertsolariek eta festen amaierak hartu zuten protagonismoa. Jendeak gozatu zuen eta banderen jeitsierak eman zion amaiera aurtengo San Joan festei.