Euskal Jaiek hartuko dute Hernani beste behin, asteburu honetan, egitarau bete-betearekin. Eta horren preludio, bi emanaldik jarriko diete umorea eta kolorea, gaur bertan.
Aurrena, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia izango da, 18:00etan hasita Atsegindegin. Urtero antolatzen du, ‘Hernani’ Musika Eskolako akordeoi taldeak, eta Borobil ikuskizunarekin datoz gaurkoan, hiru pailazoak: botere harremanen inguruan ariko dira, betaurreko moreak jantzita, Uxue Alberdik idatzitako lau ipuinetan oinarritutako saioan. Emanaldirako sarrerak salgai daude, Hernaniko bi dendatan: Ikusi-Makusin eta Leokadistin.
Eta ondoren, Biterira bueltan izango da, Mikel Urdangarin bakarlaria. Kontzertua eskainiko du, gaueko 22:30etan hasita, kultur etxean. Margolaria lana aurkeztuko du, zinera ere eraman dutena. Biterin bertan erosi daitezke sarrerak, 7,5 euroan.
Euskal jantziak eta sagardoa, asteburuko protagonistak
Astebururako, egitarau zabala prestatu dute aurten ere. Euskal Jantzien eguna izango da larunbatekoa, eta ez dira faltako antzinako jokuak, txakolin dastaketa, herri kirolak, erromeria, Musika Bandaren emanaldia... Bihar egingo diete omenaldia, baita ere, Portalondo estankokoei. Eta igandean, sagarra eta sagardoaren egunean, izango dira artisau azoka, sagardo dastaketa, trikitixa eta dantza suelto txapelketak...