Iheslarien ibilbidea egin dute

Kronika - Erredakzioa 2018ko eka. 27a, 02:00

Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteak (EPAB) Zero Askatasun Bidean mendi-ibilaldia egin zuen pasa den asteburuan; Salbatore kaperatik (Mendibe, Nafarroa Behe­rean) Orbaizetara. Hain juxtu, Bigarren Mundu gerrako iheslarien oroimenezko ibilaldia.

Ibilaldian parte hartu zuenetako bat Claire Schepens zen. Charles eta Cette Sche­pensen alaba. 1943an bost urte zituen eta orain 79 urte bete ditu. Berriro bizitu zuen Mendibetik Nafarroa Garaira egindako odisea hura, eta bide haren parte bat egin zuen. 

Eta nor ziren Cette eta Charles Schepens? Charles belgikar oftalmologoak ihes egin zuen Gestaporen sudurraren aurrean ibilbide hura hasi aurretik hilabete batzuk lehenago. 
Pirinioetatik Donostiara iritsi zen. Baina Cette Sche­pens eta haien bi haur txiki­ak, 5 urteko Claire eta 2 urteko Luc, zaintzapean zeuden Men­dibeko (Nafarroa Beherea) haien etxean, okupazio indarrek beita modura erabili nahi zutelako senarra atzemateko. Baina, Schepens doktoreak ongi zekien naziek atxilotu eta itauntzen baldin bazuten, Zero ihes-sareko kideak (eta haien senideak) arriskuan egongo zirela. 

‘Zero’ ihes sarea
Zero hura Belgikan II. Mundu Gerran sortu zen ihes-sare bat zen, naziek okupatutako Bel­gi­­ka eta Frantziako iheslariei Pirinioetan eta Irati basoan barrena ihes egiten laguntzen ziena. Charles Schepens, Monsieur Perot nortasun fal­tsua erabiliz, berrabiatu egin zuen Irati basotik Mendibe herrira zihoan zerrategi abandonatu bateko kable-garraiobidea (Compagnie d’Iraty), bere jarduera estaltzeko.

Mando baten gainean ihesi
Zergatik ez da belgikar emakume hark 1943ko urrian egindako ihesaldia bere senarrarena bezain ezaguna egin, nahiz eta harena bezain au­sart eta heroikoa izan? Arra­zoiak arrazoi, kontua da Sche­pens andreak eta haren seme-alabek mando baten gainean igota eta mugalari batek gidatuta egin zutela ihes Donibane Garazitik, azoka egun bateko builaz baliatuz, Elizondora, eta handik Donostiara eraman zituzten. Gipuzkoako hiriburuan zenbait hilabete eman ondoren, Cette eta haren bi haurrak Londresera iritsi ziren Schepens doktorearekin elkartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!