Zinemaldia hasiko den aste horretan, Elias Querejeta zinemagile hernaniarraren figuraren zati bat aztertzeari ekingo dio Buruntzaldeako Elkarbizi taldeak. Hain zuzen, ikastaro-hitzaldia eskainiko du datorren asteazkenean, hilaren 19an, arratsaldeko 19:00etan hasita, Biterin.
Hala eman zuten aditzera atzo prentsaurrean Joxan Rekondo eta Mikel Arregi Elkarbiziko kideek; azken hau Euskal Filmategiaren arduraduna ere izan zen. Bertan izan zen, baita ere, Juan Inazio Querejeta, Elias zenaren anaia.
Hiru pelikula, aztergai
Bertan azaldutakoaren arabera, ikastaroaren helburua da Querejetak euskal gatazkari buruz ekoiztu zuen trilogia aztertzea: «indarkeriaren zabalkundeak utzitako kalteak aztertu nahi izan zituen Elias Querejetak, 2001 eta 2011 artean ekoitzitako trilogia filmikoan».
Hiru pelikuletatik, eta beraz, hiru ikuspuntu ezberdinetatik abiatuko dira: Fernando Buesa eta bere bizkartzainaren hilketa (Asesinato en febrero, 2001); jazarpen indarkeria, Andoain eta Zarautzko zinegotziek sufrimenduaren sozializazioaren garaian bizi izan zutenaren bitartez (Perseguidos, 2004); eta azkenik, berradiskidetzearen posibletasuna, esperientzia kontrajarriak bizi izan dituzten pertsonen testigantzak alderatuz (Bakerantza, 2011).
‘Asesinato en febrero’, ‘Perseguidos’ eta ‘Bakerantza’ pelikulak aztertuko dira.
«Trilogia hau egiterakoan Eliasek buruan zeukana» aztertzen laguntzeko, bertan izango da Aizpea Goenaga Mendiola aktore eta zuzendaria ikastaroa zuzentzen.
Hori ulertzeko, argitu dute pelikula osoak ez direla proiektatuko, bertan azaltzen dena ulertzeko sekuentzia-sorta, baizik.
Asmo bikoitza
Ikastaroarekin, Elkabiziren asmoa bikoitza da: «bertaratzen direnak jabetzea gure iraganari buruzko kontzepzioari, eta memoria kolektiboa osatzeari, egin diezaiokeen ekarpena oso garrantzizkoa dela eta, bide batez, bertaratutakoei eskeintzea Querejetaren ekoizpen ekimenetan sakondu ahal izatea, bereziki ezagutu dezaten trilogia honen bitartez nola azaltzen duen indarkeriak gure gizartean utzitako sufrimendua».
Izenematea, astelehenera arte
Ikastaro-hitzaldian parte hartzeko, izena eman beharko da, aurretik: ganboiturri@gmail.com. Astelehenera arte eman daiteke izena.