Udazkenerako prest, Urumea Berriko ibai parkea

Kronika - Erredakzioa 2018ko ira. 12a, 02:00

Martxan dira Urumea Berri auzoko ibai parkearen defi­ni­zio, partzelazio eta ekipa­men­du lanak, eta Udalak jakina­razi duenez, «inaugurazioa udaz­kenaren bukaerarako au­rreikusten da».

Hainbat gune, «Gipuzkoako ibai parkerik haundienean»
Parkea Urumea Berri auzoa eta ibaiaren artean geratzen den lur eremuan kokatuko da, eta «bost futbol zelairen za­balera» izango du. Hain zuzen, «Gipuzkoako ibai parkerik haundiena» izango dela azpi­marratu du Udalak.

«Gipuzkoako ibai parkerik haundiena» izango da Urumea Berri auzoa eta ibaiaren artean eraikitzen ari diren ‘Andre Gobaragileen Parkea’.

Bertan, hainbat gune ez­ber­dinduko dira, «aisialdi gune honetan adin guztietako asti­gartarrek ekintza ezber­di­nak» egin ahal izan ditzaten.

Batetik, etxebizitzetatik par­­ke­rako sarbidean har­mai­lak izango dira, atsedenaldi gunea sortzeko. Zentzu ho­rre­tan, piknik eremua ere izango du parkeak, urmaela eta An­dre Gobaragileen eskulturaren on­doan. Eskultura hori izango da, hain juxtu, parkeari izena emango diona, kultura tekni­kariak proposatuta; ‘Andre Gobaragileen Parkea’ izango da.

Baina parkea ez da atsede­nal­di gune soila izango; hain­bat kirol egiteko ere izango da tartea. Horrela, ibilaldiak egi­teko guneak, muskulazio ma­kinak, eta, «aurrekontu parte­har­tzaileetan hala eskatuta», bizikle­tentza­ko zirkuitua iza­n­­­go ditu parkeak. 

Azkenik, txakur parke haun­di bat eraikitzea ere au­rrei­kusi du Udalak, «es­kaera ugari jaso» dituelako. Bertan, txakurrek aske ibili ahal izango dute.

Baratzak eta bertako zuhaitzak, naturarekin bat eginez
Bestalde, zonalde batean herri baratzak ere bereiztuko ditue­la azpimarratu du Uda­lak, «gaur egun duen eskaintza area­gotzeko». 40 dira gaur egun herri baratzak.

Bertakoak ez ziren zuhaitzak kimatu, eta erriberako espezietakoak landatzen ari dira.

Gainontzeko landarediari dagokionez, URA Agen­tzia­re­kin eta Gipuzkoako Foru Al­dun­diarekin egindako lana nabarmendu du Udalak. Mar­txo bukaeran bertakoak ez ziren zuhaitzak kimatu zi­tuen, espazioa obrekin has­teko egokitzearekin batera, eta orain, Aldundia erriberako bertako espezietako zuhaizak landatzen ari da. Gutxi go­rabehera, lauzpabost metroro jarriko dira zuhaitzak, parke osoan zehar.

«Promotoraren ardura»
Andre Gobaragileen Parkea eraikitzea «Urumea Berriko auzoa garatu duen promo­to­raren ardura» dela ere na­bar­mendu du Udalak. Horrekin, «udaletxearentzat kosturik ez» duela izango argi utzi nahi izan du.

2010ean onartu zen zo­nal­de berri honetako hirigintza-proiektua, eta 600 astigartar berrirentzako etxebizitzez gain, Kontxa Etxeberria plaza eta parke estalia eraiki dituzte. Kultur Etxe berria eraikitzen ere hasiak dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!