Musikak toki berezia hartu zuen atzo, Zikuñagako Amaren omenezko festetako asteburuari hasiera emateko. Buruhandiak kalejiran atera ziren, Las Pu’n’tillo musika taldearekin batera, eta moto lasterketa eta txokolatadaren ondoren, Zikuñaga Music Factory-ren beste edizio bat izan zen; auzoko gazteek osatutako taldeek eman zuten kontzertua. Gero, karaokearekin luzatu ziren, gaueko ordu txikiak arte.
Gaurko musikari danborradak jarriko dio erritmoa, eta dantzarako aukera izango da gero. Baina eguna luzea da, eta hamaika ekitaldi izango dira aurretik.
Tortila lehiaketa eta sagardo dastaketa, eguerdian
Egunari jolasekin emango zaio hasiera gaurkoan: eltxetxoak puskatu eta barruan gordetzen diren atlxorrak lortu, edota irin artean gordetako sariak non ote dauden asmatu eta ahoarekin hartu beharko dituzte, animatzen direnek. Segidan, haurren toka, bote eta igel txapelketak egingo dira.
Tortila lehiaketa eta sagardo dastaketa izango dira gaur, jolasen ondoren eta urarekin gudan aritu aurretik.
Eguneko txapelketa nagusia, hala ere, tortilena izango da. Parte hartu nahi dutenek Auzo Elkartearen lokalera eraman beharko dituzte tortitlak, 12:00ak arteko tartean, eta 12:30ak aldera jakinaraziko da zein izan den tortila onena. Segidan, sagardoarekin lagunduta probatu ahal izango dira denak.
Danbor hotsak, txaranga eta DJa, gaua girotzeko
Eguerdiko jan-edanen ondoren, 15:30etan urarekin gudan aritzeko zita jarri dute; baliteke zerutik erortzen denaren kontra aritu behar izatea!
Gero, arratsaldeko 17:00etan mini motoen erakusketa jarriko da, Donostia eta Olaberriako DMT gidari eskolak antolatuta.
Iluntzeko 20:00etan iritsiko da festetako izarretako baten momentua: danborradan aterako dira auzotarrak, Zikuñagako Amaren omenezko doinuaren erritmora. Hortik aurrera ere, musika izango da protagonista. Izan ere, Arraiketai txaranga aterako da 22:30etan, eta gero, DJ Nemuxekin dantzan aritzeko aukera izango da.
Hernaniarren patroia bihar, festa gunean
Zikuñagako Amaren eguna, Hernaniko patroiarena, hain zuzen, gaurkoa da. Hala ere, bihar egingo da haren omenezko meza, goizeko 10:00etan.
Gero, marrazki lehiaketa eta puzgarri bereziak jarriko dira eguerdira arte.
Tarte horretan, 12:00etan hasita, herri kirol jaialdia egingo da. Harria jasotzen ariko dira Imanol eta Xuban Kortaberri, eta aizkoran, berriz, Kañamares Naparra.
Ikuskizun hori bukatuta, auzotar guztiek elkartuta bazkalduko dute, paella-jate herrikoian.
Arratsaldean, 15:30etan, goizeko marrazki lehiaketako sariak banatuko dira, eta apar festarekin borobilduko dute ekitaldia. Era berean, 17:00etatik aurrera, jumping, barredora eta puzgarriekin gozatzeko aukera izango dute gaztetxoenek.
Helduek ere izango dute txapelketetan beren abileziak neurtzeko aukera. Arratsaldeko 17:00etan hasiko dira toka, bote eta igel txapelketak, eta horietan parte hartzeko izena eman beharko da aurretik, 16:00etatik 17:00etarako tartean.
Bihako eguna, Zikuñagako festetako azkenekoa borobiltzeko, berriro ere dantzaldia izango da DJ Nemuxekin, 19:00etatik 22:30etara, eta tartean, 21:00etan, zezensuzkoa aterako da, azken traka laguntzeko. Gero dantzan, noiz arte segi, norberak jarri beharko du neurria!
Txapelketak, aurretik ere
Aurreneko etxafuegoak atzo bota bazituzten ere, asteazkenean murgildu ziren festa giroan auzoan. Pala, esku pelota eta Zikutxanpions futbolin txapelketak jokatu zituzten, besteak beste, eta hainbat sari banatu zituzten.
ZIKUÑAGAKO JAIAK 2018
Gaur:
11:00, Eltxetxo eta irinaren jokoak, eta haurren toka, bote eta igel
txapelketak.
12:30, Tortila lehiaketa (Auzo Elkartearen lokalean jasoko dira tortilak, 12:00ak arte).
Ondoren, Sagardo dastaketa.
15:30, Urarekin guda.
17:00, Mini moto erakustaldia.
20:00, Danborrada.
22:30, Arraiketai txaranga.
Ondoren, DJ Nemuxekin dantzaldia.
Bihar:
10:00, Zikuñagako Amaren omenezko meza.
11:00, Marrazki lehiaketa.
11:00-13:00, Jumping, barredora eta puzgarriak.
12:00, Herri kirolak:
-Harria jasotzen: Imanol eta Xuban Kortaberri.
-Aizkoran: Kañamares Naparra.
14:00, Paella-jate herrikoia.
15:30, Marrazki lehiaketako sari banaketa.
Ondoren, apar festa.
17:00, Helduen toka, bote eta igel txapelketak. (Izenemateak, 16:00etatik 17:00etara).
17:00-19:00, Jumping, barredora eta puzgarriak.
19:00-22:30, DJ Nemuxekin
dantzaldia.
21:00, Zezensuzkoa.
Pala txapelketa
Rekondo, Pardos, Ruiz eta Antolin, palan onenak
Festei hasiera emateko aurreneko txapelketa palan jokatu zuten Zikuñagan, asteazkenean. Bi mailatan aritu ziren auzoko neska-mutilak, bakarka, eta aurreneko bi sailkatuei eman zizkieten oroigarriak. Gaztetxoenen mailan, Aner Rekondo izan zen txapelduna, eta Oier Pardos, berriz, azpitxapelduna. Zaharrenen mailan ere, beste bi saritu izan ziren: Canas Ruiz aurreneko sailkatua, eta Egoitz Antolin, bigarrena.
Hasiera
Hirugarren egunean, hasiera indartsua
Aurreko egunetan sumatzen zen jai giroak atzo egin zuen eztanda, auzoan bota ziren aurreneko etxafuegoekin. Hirunaka ere bota zituzten, alajaina! Buruhaundiak indartsu atera ziren, bizkarrak bertozera, Las Pu‘n’tillo taldekoen musikarekin auzotarrak dantzaraztera.
Apaxi
Kontu kontari, barreari ezin eutsi
Asteazkeneko pala txapelketaren ondoren, ostegunean, besteak beste, Apaxi ipuin kontalariaren saioak eman zion jarraipena festari. Euriak esku pelota txapelketa zapuztu bazuen ere, umoretsu iritsi zen Apaxi, irribarreak sortzeko helburuarekin. Gaztetxoenak adi-adi eduki zituen, kontatzen zituen istorioak entzuten, baina hain gaztetxoak ez direnak ere gerturatu ziren, eta hauk ere ederki ibili ziren barre algara artean!