Hizkuntza bat ikasteak ahalegin handia eskatzen du. Hizkuntza edozein dela ere, ikasleek dedikazio eta denbora eskaini behar diote zeregin horri. Baina ematen ditu gero bere fruituak. Batez ere, euskara bada ikasten den hizkuntza hori. Izan ere, Buruntzaldeko euskaltegiek euskara maila guztietan ikasteko eta praktikan jartzeko aukera eskaintzen dute. Eskualdeko udalen helburua matrikulazioak bultzatzea da, eta, horretarako, diru laguntza sortak eskaintzen dituzte. Gainera, laguntza horiek HABEk ematen dituenekin bateragarriak dira. Horrenbestez, Buruntzaldeako herritarrei ia doan atera dakieke ikastaroa; apustu segurua da euskara ikastea.
Ikasturtea hastera doa. Aurrekoan, 2016-2017koan, 946 ikasle aritu ziren euskara ikasten Buruntzaldeko euskaltegiren batean. Eskualdeko Euskara Zerbitzuen helburua ikasle gehiago izatea da, eta joan den ikasturterako helburu argia jarri zuten: 1.000 ikasletara iristea.
Oraindik ikasturtea itxi gabe da, eta, beraz, irail amaiera arte ezingo dira matrikulazioen behin-betiko datuak jakin. Edonola ere, orain arte bildutako datuei erreparatuta, baikor agertu dira eskualdeko euskara teknikariak. Udarako ikastaroen datuen faltan, matrikulazio gutxi batzuk behar dira muga hori gainditzeko.
Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek ematen dituzte diru laguntzak euskara ikasteagatik. Halere, herri bakoitzean laguntza horiek jasotzeko baldintzak eta diruz lagundutako kopuruak desberdinak dira. Baina badira ezaugarri komun batzuk. Esaterako, gutxieneko asistentzia bete behar da, eta erroldatuta egon behar da herrian bertan. Langabetuei are laguntza handiagoak ematen dizkiete; %100 kasu batzuetan, 664 euro arteko mugapean.
Horrez gainera, HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak ere laguntzak ematen ditu. 2018. urtean 1.800.000 euro emango ditu, eskatzaileen artean banatzeko. Ondokoak dira baldintzak: batetik, 2017ko martxoaren 17tik 2018ko abuztuaren 31ra euskaltegi edo euskararen zentro homologatu batean matrikulatuta egon beharko da; bestetik, 2017/2018 ikasturtean HABEren maila bat edo baliokideren bat egiaztatu beharko da. Diru laguntza horiek egiteko eskabidea 2018ko irailetik aurrera egin daiteke.
Ikasleek gustura amaitu dute ikastaroa: «kalean ikasitakoa osatu dugu ikasgelan»
Ikasleak
Ikasle ugari animatu dituzte laguntzek euskaltegietan izena ematera. Baina beste motibazio ugari ere badituzte ikasle horiek: lana bilatzea, galdutako hizkuntza berreskuratzea, jakin-mina...
Esaterako, Edurne Arnaiz aurten ere animatu da euskaltegira. «Niregatik apuntatu nintzen; euskara ikasi nahi dut, Euskal Herrian bizi naizelako». Badaki baliagarria izango zaiola lana bilatzerako orduan, administrazio publikoan, adibidez.
Gainera, hasieran uste zuenaren kontra, ez du uste hizkuntza zaila denik. «Ulertzeko ez da batere zaila. Hitz egitea kostatzen da, beste hizkuntzetan bezala».
Ez da zailagoa
Maialen Heras, berriz, hirugarren profilerako azterketa prestatzen ari da. Euskaraz badaki, euskaldun zaharra da, baina euskararen gaitasun agiria behar du lanerako. «Bai, euskaltegian asko ikasten da, baina nik hobetzeko gehiago irakurri beharko nuke». Haren ustez, euskara ez da beste hizkuntzak baino zailagoa. Ingelesarekin alderatu du. «Niri ingelesa egiten zait zailagoa».
Ekaina bukaera izaten da azterketa garaia, eta uda iritsi ahala hasten dira ikasleak ikasitakoa errepasatzen. Almudena Carvajal da horietako bat. «Betidanik izan dut ikasteko gogoa. Txikitan zerbait ikasi nuen, baina sakondu nahi dut». Helburu bikoitza du: batetik, txikitan ikasitakoa berreskuratzea. Baina oposaketak prestatzen ari da, eta, horrenbestez, ongi etortzen zaio euskararen ziurtagiria eskuratzea. Sonia Garcia harekin ibili da euskaltegian: «Oso gustura ikasi dugu, primeran moldatzen gara irakaslearekin. Kalean ikasten duguna osatzen dugu euskaltegian».
Andoain
Baldintzak
Andoainen erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85.
Diru laguntza
Matrikularen %85 guztiei; familia ugarikoak edo diru sarrera murriztuak dutenei, %100. Autoikaskuntza, %100. 664ko muga.
Astigarraga
Baldintzak
Astigarragan erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85.
Diru laguntza
Kasu guztietan 600 euroko muga izango du laguntzak. Matrikularen %75. Langabetuei, merkatariei eta 12 urtetik beherako haurren bat dutenei: %100.
Hernani
Baldintzak
Hernanin erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85.
Diru laguntza
Matrikularen %70. Langabeei, %90. 500 euroko muga.
Lasarte-Oria
Baldintzak
Lasarte-Orian erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %85.
Diru laguntza
Matrikularen %85.
Urnieta
Baldintzak
Urnietan erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %80.
Diru laguntza
Langabeei, %80. Besteei, %50. 500 euroko muga.
Usurbil
Baldintzak
Usurbilen erroldatuta egotea. Gutxieneko asistentzia: %80.
Diru laguntza
Guztiei, matrikularen %100. 600 euroko muga.