Kalean bizi diren katuak zaintzea da Astikat elkartearen helburua. Udara hasieran sortu zen elkartea, lehenago errumaniarren kanpamendutik atera ziren hainbat katu zaintzen ibili ziren herritarrek bultzatuta.
Bereziki, HEA metodologia (harrapatzea, esterilizatzea, askatzea) martxan jartzea da haien asmoa, katu-koloniak desagerrarazi eta hori lortu bitartean, kolonia horiek kontrolatzeko.
Lan hori guztia egiteko, ordea, boluntarioak behar izaten ditu elkarteak, eta dei egin die astigartarrei eta inguruko herritarrei, animatzeko.
Orduak, jakintza, dirua edo tokia eskaintzea
Laguntzeko prest daudenak elkartearekin jarri daitezke harremanetan, info@astikat.es helbide elektronikoan edo Facebooken daukaten Astikat orrialdean.
Bereziki, katuei jaten ematen aritzen diren herritarrei egin diete dei haiekin harremanetan jartzeko, herrian dauden katu-koloniak hobeto kontrolatu ahal izateko. Baina bestelako laguntza emango duten boluntarioen bila ere ari dira. Adibidez, harrera etxe bezala aritzeko prest daudenena, edo adopziorako prest daudenena. Baita ere, kaleko katuei jaten emateko prest daudenena, eta pentsua edo dirua emateko prest daudenena. Azkenik, arotz eta esku-lanetan iaioak direnen laguntza ere eskatu dute.
Informazioa, sare sozialetan
Egiten duten lanaren berri ematen dute Facebooken. Besteak beste, argazkiak egiten dituzte ezagunak dituzten katu-kolonietara jatena edota sendagarriak eramaten dituztenean, eta katuen egoeraren berri ematen dute.
Katu horietako bat da, adibidez, Txanpi, txuri-beltza. Dagoeneko ohituta dago boluntarioen ordutegira, eta askotan zain izaten ditu. Txanpi, Michi edota Freddy katuentzako etxe bila ari dira oraindik, eta bitartean, haiek zaintzen segi ahal izateko laguntza eskatu dute.